Gizartea -
IMMIGRAZIOA
90 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneoa zeharkatu eta Europara iritsi nahian ari zirela
Greziako petrolio-ontzi batek hondoratutako ontzian zihoazen lau pertsona erreskatatu ditu. Mugarik gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak esan duenez, ontziak gutxienez lau egun zeramatzan itsasoan eta leporaino beteta zihoan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
90 pertsona migratzaile baino gehiago hil dira Mediterraneoa zeharkatu eta Europara iritsi nahian ari zirela, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak Twitter sarean duen kontuan salatu duenez.
Horren esanetan, Greziako petrolio-ontzi batek hondoratutako ontzian zihoazen lau pertsona erreskatatu zituen larunbatean.
Hondoratutako ontzian zihoazen pertsona horiek emandako lekukotzaren arabera, ontziak gutxienez lau egun zeramatzan itsasoan eta leporaino beteta zihoan. Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez, pertsona horiek berehalako babesa eta arreta behar dituzte eta toki seguru batera eraman ditzatela eskatu du, baina Libia ez dela leku segurua erantsi du.
Bestalde, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak portu seguru bat esleitzeko eskatu die Erromako eta Maltako koordinazio zentroei, bizirik atera direnak lehorreratu ahal izateko.