Gizartea -

Eguraldia

Elurragatik alerta laranja ezarri dute Hego Euskal Herrian larunbat goizera arte

Elur maila 200-300 metrora egongo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean eta ia Nafarroa osoan. Ia 10 urte dira apirilean elurteengatik alerta laranja ezartzen ez dela.

Gasteizen 2021eko azaroan ikusitako irudiak errepikatuko dira ziurrena. EFE
Gasteiz, elurpean, iazko azaroan.
Gasteizen 2021eko azaroan ikusitako irudiak errepikatuko dira ziurrena. EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elurra 200-300 metrora apirila betean. Hori da Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta Aemet Espainiakoak ostiralerako eta larunbaterako aurreikusi dutena, eta hala, alerta laranja ezarri dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) barnealdean eta ia Nafarroan osoan. Alerta gauerdian sartu da indarrean, eta larunbat goizera arte egongo da aktibo (10:00ak arte EAEn, eta 06:00ak arte, Foru Erkidegoan). Gogotik egingo du, eta 500-600 metrora 15 zentimetrorainoko geruza pila daiteke.

Euskalmeten erregistroen arabera, 2013tik, lehen aldia da apirilean elurteengatik alerta laranja ezartzen dena. 

200 metrotan elurra ikusiko dugu bihar, eta 400 metrotik gora lodituko du
200 metrotan elurra ikusiko dugu bihar, eta 400 metrotik gora lodituko du
200 metrotan elurra ikusiko dugu bihar, eta 400 metrotik gora lodituko du

1:03

Euskalmeten iragarpenaren arabera, EAEn, elur kota 200-300 metrora jaitsiko da ostiral goizaldean, egunaren erdiko orduetan 400-500 metro inguruan kokatuko bada ere. 

Hala, litekeena da Gasteiz (525 metrora) eta garaieran dauden hainbat udalerri zuri-zuri esnatzea.

200 metrora 3 zentimetroko elur geruza pila daiteke ostiralean EAEn

Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago eta ugariago isurialde atlantikoan. Zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake, bereziki isurialde atlantikoan. Aurreikusitako lodierak honakoak dira: 10-30 cm, 1.000 metrora; 5-15 cm,  600 metrora, eta  0-3 cm 200 metrora.

Iparraldeko haize zakarra ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan. Giro hotza izango da nagusi eta tenperatura maximoak ia ez dira 5 ºC-ra iritsiko barnealdean eta 9 ºC-ra kostaldean. Barnealdeko zenbait lekutan eta mendi inguruetan izotza egingo du.

Larunbat goizaldean ere ez da giro izango, eta 10:00ak arte alertapean jarraituko dugu. Goizaldean elur kota 200-300 metro inguruan egongo da; goizean igotzen joango da. Egunaren lehen partean zaparrada txiki-ertainak botako ditu; trumoitsuak izan daitezke eta zenbait lekutan ugari egin dezake, bereziki isurialde atlantikoan. Aurreikusitako lodierak honakoak dira: 5-20 cm 1.000 m-ra, 2-10 cm 600 m-ra, 0-3 cm 200 m-ra.

10:00etatik aurrera abisu horia egongo da indarrean. Elur maila 400-500 m inguruan egongo da, baina arratsaldean 500-600 metrora igoko da. Egunaren bigarren partean atertzera egingo du. Dena dela, giro makurra espero da egun osoan. Iparraldeko haize zakarra ibiliko da, batez ere haizeguneetan. Tenperaturan ez da gorabeherarik izango, hotz egingo du, balio altuenak 6-7 ºC ingurukoak izango dira barnealdean eta 10-11 ºC ingurukoak kostaldean. Izotza egingo du, bereziki mendi inguruetan, eta Araba eta Nafarroako zenbait lekutan.

Erribera izan ezik, Nafarroa osoa egongo da alertapean

Nafarroan, alerta laranja ostegun arratsaldean aktibatu zuten Pirinioetan bakarrik, ostiral gauerdian erkidegoaren erdialdera eta kantauri isurialdera zabaldu dute. Hortaz, ostiralean, Erribera kenduta, Nafarroa osoa alertapean egongo da. Elur maila 300-600 metrora egongo da. 5 zentimetroko lodierak espero dira 400-500 metrora, eta 10 zentimetrorainokoak, gorago.

Iragarpenaren arabera, zaparradak izango dira, bereziki mardulak eta trumoitsuak kantauri isurialdean. Hegoaldean, hodeitsu egongo egon da zerua, eta euri txikia egingo du. Larunbatean elur mailak baxu jarraituko du (300-600), baina igotzen joango da egunak aurrera egin ahala. Euria eta elurra egingo du, gogotik iparraldean. Egunaren amaieran atertzera egingo du.

Gauzak horrela, Iruñea (450 metro) edo Altsasu (530 metro) elurtuta ikusiko ditugu, baita Erriberri edo Gares ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak