Gizartea -
GARRAIOLARIEN GREBA
Hiruk eta Tradisnak bertan behera utzi dute garraiolarien greba
Bilboko Portuko garraiolari gehienek, ostera, greban jarraituko dute. Portuko enpresekin ari dira negoziatzen, baina momentuz ez dago adostasunik.
EITB MEDIA
Hiru sindikatuak eta Tradisna elkarteak garraiolarien greba bertan behera uztea erabaki dute arratsaldean. Lanera itzultzeko proposamenak aldeko 50 boto jaso ditu; 31 behargin, ostera, greba jarraitzearen alde agertu dira; eta 8 abstenitu egin dira. Era berean, Nafarroako Tradisna elkarteak arratsaldean erabaki du duela 17 egun hasitako lanuztearekin ez jarraitzea.
Bilboko Portuko garraiolariek, ostera, greban jarraituko dute. Portuko enpresekin ari dira negoziatzen, baina momentuz ez dago adostasunik.
KPIaren igoeraz gain, tarifak % 28 igotzea eskatzen diete garraiolariek portuko enpresei. Garraio enpresek, aldiz, % 12ko igoera eskaintzen diete gasolioaren igoera orekatzeko, EITB Mediak jakin duenez.
17:00etan, Hiru sindikatuko 90 afiliatuk batzarra egin dute Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzak onartutako neurriak aztertzeko. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiek aurkeztutako laguntza egitasmoaren eskutik etorri da iritzi aldaketa.
Hiru sindikatuak begi onez hartu ditu neurri berriok; izan ere, administrazioak "gutxienez" konturatu dira sektorea hor dagoela.
Hala ere, sindikatuko iturriek EFEri azaldu diotenez, afiliatu batzuk ez dira ostegun honetan lanera itzuliko, "gasolioaren prezio ikaragarri garestiagatik merezi ez dielako".
Gainera, Hiruk mobilizazioei eutsiko die, eta aldarrikapenak lortzeko borrokan jarraituko du, nahiz eta afiliatuak lanera itzuli.
"Administrazioek konpromisoak betetzen dituzten ikusi beharko dugu", adierazi dute sindikatuko iturriek.
Goizean garraiolari talde batek elkarretaratzea egin du Foru Jauregiaren aurrean, Hiruk deituta, erakundeak Gipuzkoako errepideetan jarritako bidesariengatik protesta egiteko.
Tradisnak Imarkoainen egin duen batzarrean, elkarteko 212 kidek parte hartu dute, elkarteak berak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Bozketa estua egin dute bertan; izan ere, 110 kide greba uztearen alde azaldu dira eta 94k lanuztearekin aurrera jarraitzea babestu dute.
Alberto Latorre Tradisnako koordinatzaileak Radio Euskadiko 'Ganbara' irratsaioan azaldu duenez, botoen % 56 izan dira lanuztearekin ez jarraitzearen aldekoak, nahiz eta aldarrikapenak bete ez direla uste duten arren: "Iritzi orokorra hori da".
Hala ere, azken egunetan greba "indarra galtzen" ari zela uste du Latorrek. "Jendea etsitzen hasia zen", esan du, eta honakoa erantsi: "Jendeak iritzia emateko unea zen". "Lanuzteak indar apur bat galdu duela ikusi da", onartu du.