Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Segregazioaren aurkako neurriak 2023an hasiko direla aplikatzen iragarri du Jokin Bildarratzek
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, ikasle zaurgarriak modu orekatuan banatu beharko dira ikastetxe pubkikoen eta itunpekoen artean.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan iragarri duenez, eskola segregazioari aurre egiteko neurriak 2023an hasiko dira aplikatzen, Hezkuntza Lege berria onartu aurretik. Bildarratzen arabera, ikastetxe publikoen zein itunpekoen artean modu orekatuan banatu beharko dituzte ikasle zaurgarriak. Horretarako, matrikulazio bulego zentralizatua jarriko da martxan.
Bildarratzek azaldu duenez, Hezkuntza Legea urrian onartuko du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak eta ondoren Eusko Legebiltzarraren esku geldituko da, tramitatzioa hasi eta onar dezan. Dena dela, legea onartu aurretik hezkuntza akordioan jasotako zenbait neurri aplikatuko direla. Matrikulazio bulego zentralizatua datorren ikasturtean martxan jartzeko lanean ari direla eta horrek herri akordioa eskatuko duela adierazi du.
Hezkuntzak herri proiektua izan behar duela eta hezkuntza komunitatearen (ikastetxeak, zuzendariak, irakasleak, gurasoak) eta adiministrazioarena ez ezik gizarte osoaren inplikazioa behar dela uste du.
Finlandiara eta Estoniara egindako bidaiatik itzuli berritan, herrialde horietan hezkuntza sistemak duen prestigioa nabarmendu du Hezkuntza sailburuak. Horren ustez, eredugarri dira esaterako hezkuntzak bete behar duen paperari eta gizartearentzat izan duen behar duen garrantziari dagokionez. Beste hainbat gauzaren artean aipatu ditu formazioa, irakasleek lanerako autonomia eta prestigio gehiago dutela, hezkuntza fakultateetarako sarrera bestelakoa dela eta aurkezten direnetatik % 10ek soilik lortzen dutela bertan sartzea. Halaber, udalek hezkuntzan eskuduntza handiago dutela azpimarratu du.
Ukrainako gerratik ihesi iritsitako 231 haur daude Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, sailburuak emandako datuen arabera.