Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Mugikortasun Iraunkorraren Legea, garraio publikoaren eta oinezko eta bizikletako joan-etorrien alde
Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio Mugikortasun Jasangarriaren lege proiektuari. Gobernu Kontseiluaren onespena lortuta, Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorriko du izapidetu eta ondoren onar dezan.
EITB MEDIA
Mugikortasun Iraunkorraren Legearen proiektuak Euskadiko karbono-aztarna murriztea du helburu, oinez eta bizikletaz joan-etorri gehiago eginez eta ibilgailu pribatua gutxiago erabiliz "mugikortasun aktiboa" bultzatuz, trena sustatuz eta pizgarri edo errekargu fiskalak zabalduz.
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur goizean Mugikortasun Jasangarriaren lege proiektuari. Orain, Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorriko du lehendabizi izapidetu eta ondoren onar dezan.
Legearen xedea Euskadin pertsonen zein salgaien mugikortasun iraunkorra bultzatuko duen esparru bat sortzea da.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eman ditu gaur onartutako lege proposamearen inguruko xehetasunak.
Helburu nagusi moduan finkatu ditu, besteak beste, irisgarritasun unibertsala bermatuko duen garraio publikoaren eskaintza hornitzea eta garraioan intermodalitatea sustatzea, ibilgailu pribatua erabiltzeko disuasio-neurriak ezartzea, mugikortasun aktiboa sustatuz, eta ngurumena eta herritarren segurtasuna eta osasuna hobetzen laguntzea, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, energia-kontsumoa eta klima-aldaketaren ondorioak murriztuz.
Arriolak azaldu duenez, lege proiektuaren xedea da mugikortasun aktiboa sustatzea (oinez edo bizikletaz), garraio publikoa bultzatzea ibilgailu pribatuaren aurrean, garraio titulu publikoak sistema integratu intermodal batean bateratzea, trena sustatzea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea.
Era berean, herritarrei eskubideak eta betebeharrak aitortzen dizkie mugikortasun planak egiterakoan, eta udalerriak behartzen ditu beren hirigintza jarduerek mugikortasun iraunkorrean duten eragina kontuan hartzera. Arriolaren arabera, helburua da karbono-aztarna murriztea da.
Lege proiektuak jasotzen du udalek eta aldundiek, beren eskumenen esparruan, hainbat neurri ezarri ahalko dituztela legearen helburuak sustatzen laguntzeko, hala nola tasak, kanonak, hobariak edo salbuespenak.