Gizartea -

Hezkuntza

Hezkuntza Legerako oinarriei argi berdea eman die Legebiltzarreko batzordeak

Akordio bat sinatu zuten EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin, aurrera jarraitzen du EAEko hurrengo Hezkuntza Legea onartzeko oinarrien tramitazioa Eusko Legebiltzarrean.

Eusko Legebiltzarreko alderdi nagusien arteko akordioa. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Eusko Legebiltzarreko alderdi nagusien arteko akordioa.
Eusko Legebiltzarreko alderdi nagusien arteko akordioa. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak argi berdea eman die EAEko hurrengo Hezkuntza Legea izango denaren oinarriei, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdien babesarekin.

Alderdi horiek martxoaren 18an lortu zuten akordioa. Besteak beste, euskal hezkuntza "euskara ardatz duen sistema eleaniztun" gisa egituratzea eta eskola publikoaren pisua indartzeko eta segregazioari aurre egiteko hainbat neurri adostu zituzten.

Akordioa sinatu zuten lau taldeek 68 eserleku dituzte, eta PP+Csek eta Voxek, ordea, 7 legebiltzarkide dituzte. Beraz, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak erreforma berretsiko duela aurreikusten da.

Astelehen honetako bozketan, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aldeko botoa eman dute; Voxek kontra bozkatu du, eta PP+Cs-eko ordezkariak batzordea utzi du bozketan parte hartu gabe.

Leixuri Arrizabalagak, EAJko legebiltzarkideak, lortutako akordioa "zabala" dela nabarmendu du, eta aitortu du ez dela "talde guztien poztasunekoa", baina uste du horrek "ezin duela zalantzan jarri akordioaren zilegitasuna", batzordeen araudia "une oro bete delako".

Arrizabalagak adierazi du akordio horrek "egonkortasuna" emango diola etorkizuneko Hezkuntza Legeari, eta adierazi du dokumentuak "datozen urteetako Hezkuntza sistema hobetu eta eraldatuko duten ekintza zehatzak" jasotzen dituela, "kalitatezko hezkuntza" izateko, "bikaintasunaren ikuspegiarekin, integrazioa oinarri izango duena, eleaniztuna, eta hori guztia eskola publikoari, gure erreferenteari, aitortza eginez eta euskara ardatz hartuta".

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du akordio horrek "Hezkuntza sistema eraldatzeko" aukera ematen duela. "Onartezintzat" jo du dokumentuari buruzko "buloak" zabaltzea, eta 2030ean eskola-segregazioaren aurkako itun bat "adosteko" hartzen duen "konpromiso irmoa" nabarmendu du. Euskarari dagokionez, esan du dokumentua ez dela "atzerapausoa", eta "euskal ikasle elebidunak lortzeko" neurriak jasotzen dituela defendatu du.

Dokumentu hori ez dela "EH Bilduri gustatuko litzaiokeena ehuneko ehunean" onartu du, eta koalizioak bere helburuak bete daitezen lanean jarraituko duela adierazi du. Akordioa "positiboa eta zabala" dela eta "aurrerapauso garrantzitsua" dela uste du.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, testuak "Legebiltzarreko kideen % 90 baino gehiago" biltzea lortu du, eta akordioa sostengatzen duten lau alderdien "ahalegina" eskertu du, "bistan denez, ez baita inoren testua", baizik eta "inor erabat pozik uzten ez duen eta inor asebetetzen ez duen topagunea".

Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azpimarratu du akordiok Hezkuntza sistema eraldatzeko oinarriak ezartzen dituela, sistema osoan "eragin zuzena" izango duelako, eta azpimarratu du testuak koalizioaren "ildo nagusiak" jasotzen dituela, Hezkuntza sistema ehuneko ehunean publikoa, kalitatezkoa, eleaniztuna, euskara ardatz duena eta azpiegitura onak dituena lortzeko.

PP+Cs alderdiko legebiltzarkide Jose Manuel Gilek kritikatu du akordioa lortzeko "oinarrizkoenak diren arau parlamentarioak urratu" direla, eta kritikatu egin du "Jaurlaritza sostengatzen duten alderdien jarrera ez demokratikoa, gauzak tirabiraka jartzen direnean". Esan duenez, bere taldearen zuzenketak "ez dira aintzat hartu eta mespretxatu egin dira, aurretik EH Bildurekin akordio bat zegoelako".

Azkenik, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak adierazi du ez dagoela ados oinarriekin, "bi hizkuntza koofizial daudenean euskara jartzen dutelako ardatz", eta bere taldeak egindako ekarpenak kontuan hartu ez izana kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza