Gizartea -
Delituak
Delinkuentziak % 19,4 egin zuen gora Donostian 2021ean, pandemiak baldintzatutako 2020arekin alderatuta
Delituen ia % 78 ondarearen aurkakoak, ebasketak, lapurretak eta iruzurrak izan ziren.
N. B. | EITB MEDIA
Delinkuentzia-indizeak % 19,4 igo ziren Donostian 2021ean, 2020aren aldean, eta egindako delituen ia % 78 ondarearen aurkakoak, ebasketak, lapurretak eta iruzurrak izan ziren. Atxilotutako eta ikertutako pertsonen kopuruak ere gora egin du, % 16,5, 2021ean 4312 izan arte, 2020an 3599 eta 2019an 3517.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez, datu horiek "egoera irreala eskaintzen dute; 2020ko hilabete batzuetan mugikortasunaren murrizketa, tarte soziala eta etxeratzeak ezarri baitziren pandemiaren ondorioz". Hala, zifrak 2019arekin alderatzen baditugu, igoera hori % 5,9koa dela diote.
Guztira, 12.705 arau-hauste penal erregistratu zituzten 2021ean, 10.640 arau-hauste 2020an eta 12.000 arau-hauste 2019an,"Euskadiko Delinkuentzia Kasuen 2021eko Azterketa" doumentuak jasotzen duenaren arabera. Dokumentu horrek urtero biltzen, aztertzen eta alderatzen du Euskadin gertatzen diren arau-hauste penalen informazioa, eta Ertzaintzak eta 15.000 biztanletik gorako udaletako udaltzaingoek zenbatzen dituzten arau-hauste penalei buruzko informazioa.
Gainera, Gipuzkoako hiriburuan 1.000 biztanleko delituen tasa 67,54koa izan zen 2021ean, eta horrek esan nahi du igoera txiki bat izan dela pandemiaren aurreko urtearekin alderatuta, 2019an, 64,03koa izan baitzen.
Delitu-motaren arabera, Donostian gehien egiten diren arau-hauste penalak ondarearen aurkako delituak dira, eta 2021ean 9.884 erregistratu ziren, guztien % 77,7, eta beste guztien gainetik ebasketen salaketa-kopurua nabarmentzen da, 2021ean 4.390 erregistratu baitziren, 2019an baino 431 gutxiago, baina 2020an baino % 39 gehiago, konfinamendua ezarri zen urte horretan orokorrean behera egin baitzuten legez kanpoko egintzek eta, ondorioz, salaketek.
Jabetzaren aurkako delituen % 19 iruzurrak dira. Delitu-mota hori, Interneten egindako delituek bultzatuta, mantendu egin da 2021ean, edo zertxobait jaitsi da, 2020an baino % 2,64 gutxiago izan baitira; izan ere, sarearen bidez egindako arau-hauste penal horiek jauzi kuantitatiboa eman dute azken bi urteotan, eta 2019an baino 1.000 gehiago izan dira; horrek eragin erabakigarria du delituen zifra osoan.
Pandemia aurreko urteari, 2019ari, dagokionez, Donostian 2021ean gora egin dute etxeetako lapurretek (% 7,7), merkataritza-establezimenduetakoek (% 15,6) eta indarkeria erabiliz egindako lapurretek (% 6,3). Aitzitik, behera egin dute ebasketek (% 8,9), enpresetako lapurretek (% 13,6) eta ibilgailuen lapurretek (% 30,4).
Pertsonen aurkako delituen atalean, hilketa bat erregistratu zen. Ekainaren 27an gertatu zen Lauhaizetako (Altza) txabola eremuan. Gizon batek kolpeka hil zuen beste bat, eta lekuan bertan atxilotu zuten.
Halaber, nabarmentzekoa da giza hilketaren saiakuntzek hirian izan duten igoera, arma zuriz egindako 17 eraso erregistratu baitira. Hirian gertatzen diren era horretako egintza gehienak marjinaltasunaren testuinguruan gertatzen dira.
2021ean gora egin zuten sexu-erasoek aurreko urtearekin alderatuta, hain zuzen ere, 12 salaketatik 17ra, baina zifrak nabarmen daude 2019ko pandemia aurreko zifren azpitik (% 39,2 hain zuzen ere).
Hala ere, gora egin dute 2019arekin eta 2020arekin alderatuta sexu-askatasunaren aurkako beste arau-hauste penal batzuek. Sexu-erasoetako batzuk bikotekidearekin edo bikotekide ohiarekin zerikusia duen indarkeriaren esparruan eta esparru pribatuan gertatzen dira. Era horretako delitu gehienetan aldez aurretik harreman bat dago biktimaren eta erasotzailearen artean, eta horrek asko laguntzen du delitua argitzen; halakoak izan dira kasuen % 85.
Euskal Poliziak hauteman du egonkortu egin direla edo zertxobait jaitsi Genero Indarkeriako / Etxeko Indarkeriako delituak, familiaren esparruko ohiko tratu txarrak eta lesioak eragiten dituztenak. 2021ean 461 kasu erregistratu ziren, eta 2020an 485 eta 2019an 513.