Gizartea -
Zortzigarren edizioa
200 ekitalditik gora eskainiko ditu Bilbao Basque Fest jaialdiak Aste Santuan
Apirilaren 13tik 17ra, herri kirolak, zinema, gastronomia eta musika ekitaldiak izango dira Bilboko Udalak egokitutako 30 lekutan, festibalaren zortzigarren edizio honetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal kultura ardatz, Bilbao Basque Fest jaialdiak 200 ekitalditik gora eskainiko ditu Aste Santuan, apirilaren 13tik 17ra. Herri kirolak, zinema, gastronomia eta musika lagun, 300 artista inguruk hartuko dute parte Bilboko 30 bat aretotan. Doako ekitaldiak izango dira gehienak.
Ekonomiaren Garapenerako, Merkataritzarako eta Enplegurako zinegotzi Xabier Ochandianok aurkeztu du jaialdia astearte honetan.
Agerraldian, aurreratu du zortzigarren edizio honetan hainbat leku egokituko dituztela Bilbao Basque Festek hartuko dituen 200 ekitaldietarako.
Pandemiak behartuta bi urteko atsedenaldia egin ostean, eta oraindik ere babes neurriekin, hiria dinamizatzen, gertuko merkatua sustatzen, turismo kulturala indartzen eta kalitatezko ikuskizunak eskaintzen dituen jaialdi ezaguna berreskuratuko du Udalak.
Adin guztietako pertsonei zuzendutako ekitaldiak
Jaialdiak iraungo duen bost egunetan, adin guztietako pertsonei zuzendutako ekitaldiak egongo dira. Estreinuak eta berritasunak izango ditu, gainera, aurtengo edizioak.
Bestalde, euskarak leku garrantzitsua beteko du. Horretarako, kartel handi batzuen erakusketa egingo dute, zeinen bitartez bisitariek euskararen ohiko erabilerarekin lotutako esaldiak eta galderak ikasi ahalko dituzten.