Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Ukrainatik iritsi diren 23 haur daude Bizkaiko ikastetxeetan
Adin txikiko horiek gurasoekin edo senideekin daude. Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru-diputatuak azaldu duenez, Bizkaiko 62 familia prest agertu dira, beharrik balego, tutorerik gabeko adin txikiko ukrainarrak etxean hartzeko.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru-diputatuak gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan emandako datuen arabera, atzo Ukrainatik iritsitako 23 haur zeuden Bizkaiko ikastetxeetan. Adin txikiko horiek guztiak euren gurasoekin edo senideekin baldin badaude ere, horien jarraipena ere egingo duela agindu du Aldundiak.
Gaur-gaurkoz, Bizkaiko 62 familia prest agertu dira, beharrik balego, tutorerik gabeko adin txikiko ukrainarrak etxean hartzeko. Murillok adierazi duenez, harrera familia horiek jakin behar dute beren eskaintza epe luzera mantendu beharko dutela, Ukrainako gerra laster amaituko balitz ere ez baita erraza izango Ukrainara itzultzea.
Covid-19ak gizartean izan duen gorakadak Bizkaiko adinekoen egoitzetan zer eragin izan duen galdetuta, azken astean bi egoiliar hil direla iragarri du Murillok. Halaber, 153 positibo hauteman dituzte 15 egoitzatan. Kutsatzeak gora egiten ari diren honetan, zuhurtziaz jokatzeko deia egin dio gizarteari.
Bizkaiko adinekoen egoitzetako lan gatazkari dagokionez eta sindikatuek bitartekari izateko egindako eskariari erantzunez, mahai baten inguruan esertzeko deia egin die aldeei: "Bitartekaritzarik ez dago ez badira jesartzen".