Gizartea -

KORONABIRUSA

Koronabirus kasuak asko areagotu dira azken egunotan Europan, BA.2 aldaera dela eta

Herbehereak, Alemania, Austria eta Suitza 3.000-5.000 kasuko intzidentzia mailarekin daude. Espainiak 445ekoa du eta Frantziak 1.224koa. Felix Zubia medikuak adierazi duenez, "azpialdaera berri hau ez da larriagoa, baina bai kutsakorragoa".

Bi emakume txakurrak paseatzen, Bilbon. Argazkia: EFE
Bi emakume txakurrak paseatzen, Bilbon. Argazkia: EFE
Bi emakume txakurrak paseatzen, Bilbon. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albisteen lehen lerrotik desagertu den arren, koronabirusaren pandemiak hor jarraitzen du eta covid kasuak goraka ari dira azken aldian. Nafarroan %35 hazi dira covid kasuak azken astean eta 577 kasuko intzidentzia maila du 100.000 biztanleko.  EAEn ere antzekoa da egoera eta 482koa da intzidentzia maila.

Une honetan 50 pertsona daude covidagatik ospitaleratuta Nafarroan, horietatik 8 ZIUn. EAEn, berriz, 127 lagun daude ospitaleratuta covidagatik, horietatik 23 zainketa berezietan. 

Espainiar Estatu osoak alerta maila altuan jarraitzen du. 430etik 445era igo da astebetean intzidentzia baina Europako batezbestea baino askoz ere baxuagoa da oraindik (1.500). Herbehereak, Alemania, Austria eta Suitza 100.000 biztanleko 3.000-5.000 kasuko intzidentziarekin daude, adibidez, eta Portugalen (1.353), Frantzian (1.224), Italian (1.112) eta Erresuma Batuan (1.245) ere intzidentzia oso altua da.

Adituen esanetan omikronen BA.2 azpialdaera da egoera honen eragilea. Osasun Mundu Erakundeak aste honetan ohartarazi du oso azkar ari dela zabaltzen Europako herrialde askotara azpialdaera hori. Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak Euskadi Irratiko Osasun Etxean azaldu duenez, "azpialdaera berri hau ez da larriagoa, baina bai kutsakorragoa" eta horrek ospitaleratzeen gorakada ekar lezake, beste herrialdetan bezala.

Alfa eta Delta covid aldaerei, omikron batu zitzaien joan den azaroan, oso azkar hedatu zen mundu osoan, eta bera izan zen neguan gertatutako kasuen gorakadaren erantzule nagusia. Zehazki omikronen BA.1 azpialdaera zen, baina badira aste batzuk, omikronen beste azpialdaera bat atzeman dutela, BA.2 delakoa eta hori dago kasuen gorakada berriaren atzean.

"Aldaera berriaren aurkako erabateko babesik ez da" esan du Zubiak, "gaitza pasata edota txertoa jasota egon arren, kutsatu gaitezke, nahiz eta birusaren erasana arinagoa izango den" gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak bideoak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Medikuntza albisteak COVID kasuak Osasunbidea