Gizartea -

Akordioa Hezkuntza Legean

Bildarratz: "2023ko udaberrirako martxan egon daiteke legea"

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Hezkuntza sailburuak argi utzi du desadostadun handienak ez direla euskararen inguruan izan. Gainera, testua ikusita, martxoaren 25erako deitutako greba "berraztertzeko" eskatu die sindikatuei.

Jokin Bildarratz gaur, Bilbon, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media
Jokin Bildarratz gaur, Bilbon, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media
Greba deialdia ''berraztertzea'' eskatu die Bildarratzek sindikatuei

EIDER JAUREGI O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk "akordio historikoa" itxi dutela Hezkuntza Legearen inguruan jakin zen, atzo, ostirala. Lege horrek egun indarrean dagoena berrituko du, 1993tik indarrean dagoena, alegia. Gaur, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak adierazi du hainbat pauso eman beharko direla datozen hilabeteetan Eusko Legebiltzarrean, baina dena ondo bidean, "2023ko udaberrirako martxan" egon daitekeela legea.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, argi utzi nahi izan du desadostadun handienak ez direla euskararen inguruan izan, hainbat zurrumurruk zioten bezala. Ildo horretan, 2018an Eusko Legebiltzarrak onartutako testuetan oinarritu dela auzi hau gehitu du. Eta aldaketa nagusiak "2034rako ekintza espezifikoetan" izan direla zehaztu du.

Era berean, eskerrak eman dizkie milaka orri dituen akordioa posible egiteko parte hartu duten 100 agente baino gehiagori.

Martxoaren 25erako deituta dagoen grebari buruz, deialdia berriz aztertzeko eskatu du, "batetik, inolako testurik ezagutu aurretik deitu zelako, eta bestetik, aldarrikapen asko akordioan jasota daudelako. Parlamentuaren % 90ak akordioa babesten duela ikusita, kontraesan handia litzateke herritarrek aukeratu duten erakunde horren erabakiaren aurka agertzea sindikatuak" argudiatu du.

Hezkuntzak "ilusioa eta lana" behar dituela ere esan du eta guztien parte hartzea ezinbestekoa dela defendatu du. Ildo horretan, sindikatuek eurekin kontatu ez izana salatu dutela ikusita, 600 pertsona baino gehiagorekin bildu dela erantzun die eta "akordio sozial horren alde lan egiten" jarraituko dutela adierazi du. "Sindikaturen batekin hitz egin dut eta aitortu didate testua ikusita, agian berraztertu egingo dutela deialdia" gehitu du. 

Lege berriaren gakoak

Puntu asko jasotzen ditu bere baitan  dokumentuak, baina abiapuntuan sistema bera dago, euskal hezkuntza zerbitzua emango duten ikastetxeek osatutakoa, publikoak zein itunpekoak. Finantzazio publikoa jasoko dute denek, baina baldintza batzuk beteta: sexu bereizketarik ez dute egingo, laikotasuna errespetatuko dute eta kuotarik kobratu gabe ikasle zaurgarrienak onartuko dituzte. Ikuskaritzak egingo dira hori bermatzen dela ziurtatzeko.

Hizkuntza ereduari dagokionez, berriz, euskara ardatz izango duen proiektu eleanitzaren alde egiten da, bi hizkuntza ofizial eta gutxienez atzerriko beste baten bidez artikulatuz. Ikastetxe bakoitzak prestatuko du, ingurunea kontuan hartuta, bere hizkuntza proiektua, eta bermatu beharko da derrigorrezko ikasketak amaitzerakoan euskaraz zein gazteleraz B2 maila izatea. Atzerriko hizkuntzan, B1 maila.

Testuak jasotzen duenez, bestalde, eskola publikoaren aldeko plan estrategikoa ere egingo da, langile kopurua handitu eta  horien egoera egonkortuz, azpiegiturak hobetuz eta zentro berriak eraikiz. Halaber, irakaslegoari gomendatuko zaio C1 plus maila izatea. Ez da baldintza izango, baina hori lortzeko neurriak sustatuko dira.

Haurreskolak, berriz, doakoak izatera igaroko dira, adostutako testuaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Hezkuntza legea Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza Sindikatuak