Gizartea -
Eskola-jazarpena
Eskola-jazarpeneko hiru kasutik bat ingurune digitalean gertatzen da dagoeneko
Eusko Jaurlaritzak 129 bullying kasu identifikatu zituen 2020-2021 ikasturtean EAEko ikastetxeetan. Kasuak areagotuz doaz, baita erakundeek kasuak prebenitu eta detektatzeko egiten dituzten ahaleginak ere.
O.P. | Eitb Media
Joan den ikasturtean, haur eta nerabeen kontrako 129 jazarpen-kasu identifikatu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan; horietatik 51 (% 39,5) Lehen Hezkuntzan (6-11 urteko haurrak) gertatu ziren, eta 78 (% 60,5) Bigarren Hezkuntzan (12-18 urte arteko nerabeak). Hala jasotzen du Lucia Torrealday Hezkuntza Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariak gaur goizean aurkeztutako txostenak. Aurkezpenean, Maite Ruiz Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusia ere izan da; eta, azken orduko arrazoiengatik, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea ezin izan da bertan egon.
Gora egin dute eskola-jazarpen gisa identifikatutako kasuek, besteak beste, urtez urte kasu posible gisa aztertzen diren egoerak ere gero eta gehiago direlako. Joan den ikasturtean 966 kasu posible aztertu ziren, eta horietatik 129 (% 13,35) identifikatu ziren bullying kasu gisa. 2019/20 ikasturtean 795 kasu aztertu eta 100 identifikatu zituzten (aztertutako kasu guztien % 12,58); 2018/19 ikasturtean, berriz, 755 kasu aztertu ziren, eta 96 (% 12,72) identifikatu ziren jazarpen gisa.
Nabarmentzekoa da ziberbullying-aren gorakada, bitarteko digitalen bidezko jazarpena (Internet, sare sozialak, berehalako mezularitza, etab.). Aurreko ikasturtean identifikatutako 41 ziberjazarpen-kasuak aurreko ikasturtean identifikatutakoen ia bikoitzak dira, 25 kasu identifikatu baitziren orduan.
Datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia "hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, bullyingarekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa da", Torrealdayren ustez, jazarpen kasuen gorakada bat baino gehiago. Halaber, Hezkuntza Ikuskaritzak azken urteetan gai honen aurrean hartu duen jarrera gero eta aktiboagoa azpimarratu du. "Ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak arreta handiagoa jarri dute gai honetan, eta, horren ondorioz, zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertu egiten da, hori da bidea eta hala izaten jarraituko du etorkizunean ere", adierazi du Torrealdayk.
Bizikasi ekimena
Azken ikasturteko datuak aurkezteaz gain, Torrealdayk Bizikasi ekimena ere izan du hizpide, duela bost urte Hezkuntza Sailak abian jarri zuen eskola-jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. "Bullyingari aurre egitea du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz", adierazi du. Xede horrekin, formazioa, orientazioa eta tresnak ematen zaizkie ikastetxeei. "Urte hauetan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin da", horien arabera.
Gogorarazi dutenez, jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia Bizikasi ekimenaren www.bizikasi.euskadi.eus webgunean dago eskura. "Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dago, webgune bizia da, etengabe elikatzen dena, eta jazarpenaren aurkako lana ahalik eta ondoen egiteko erraztasunak eskaintzea du helburu", azaldu dute.
Kongresua, martxoaren 30 eta 31n
Ikastetxeetako bizikidetza ardatz hartuta, eta Bizikasi ekimenaren baitan, zuzendariak aurreratu du Hezkuntza Saila kongresua ari dela antolatzen martxoaren 30 eta 31rako Bilbon, Ongizate emozionala eta bizikidetzarekin denok bat leloarekin. Euskalduna Jauregian izango da.
"Bizikidetzan eta bizikidetzarako hezteko erronkari eta erantzukizunari buruz gogoeta egiteko elkargunea izan nahi du kongresu honek", esan du. "Maila goreneko hizlariek" parte hartuko dutela aurreratu, eta "bizikidetza positiboa eraikitzeko tresnen aurkezpenak eta helburua lortzeko lanean jarraitzeko esperientzia pedagogiko inspiratzaileak" iragarri ditu.