Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Legarreta: "Harrera sistema antolatzea da orain lehentasuna, inor kalean gera ez dadin"
Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak onartu du oso zaila dela Ukrainatik zenbat pertsona iritsi diren jakitea. "Sistema barruan, gutxi gorabehera, 350 pertsona errefuxiatu daude".
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da ostegun honetan Ukrainatik iristen ari diren pertsonen egoeraz hitz egiteko.
Martxoaren 10ean aurkeztu zuen Jaurlaritzak lehen kontingentzia plana, Errusiaren inbasioari erantzuteko. Geroztik, ukrainar errefuxiatuen iritsiera antolatzen ari dira. Gaur bertan bilera dute, Legarretak aurreratu duenez.
"Oso zaila da zenbat pertsona iritsi diren jakitea. Euskadin bizi diren familia askok, bai euskaldunak eta bai ukrainarrak, gerratik alde egiten ari den jendea hartu dute etxean. Dena den, sistema barruan 350 bat pertsona daudela esango nuke", adierazi du.
"Migrazio politikak Espainiako Gobernuaren ardura dira, alegia, haiei dagokie asilo politikoa eskatzen duten migratzaileez arduratzea. Halere, indarrean duten sistemak ezin dio egungo krisiari aurre egin. Horregatik, gure kontingentzia planaren helburua da Estatuko sistema indartzeko ditugun baliabideak eta plazak antolatzea", azaldu du.
Halaber, argi utzi du Ukrainatik heldutako pertsona guztiek arreta sanitarioa, eskolaratzea eta formakuntza zein lana izango dituztela.
"Emozioz josita datoz, motxila oso beteta dakarte. Harrera sistema antolatzea da orain lehentasuna, inor kalean gera ez dadin", azpimarratu du.
Azkenik, errefuxiatuak hartzeko ekimenak abiatu dituzten herritar guztiei eskatu die krisi egoeretan laguntzen duten erakundeekin bat egin dezatela. "Kontuz ibili behar gara gisa horretako ekimenekin, atzean asmo ona badute ere, kudeatzen jakin behar direlako", esan du.