Gizartea -

Euskara

Euskararen arnasguneetan behera egin du erabilerak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako ikerketa baten arabera, % 86tik % 83ra jaitsi da euskararen erabilera herri euskaldunenetan. Arnasguneetako "bilakaera negatiboaz" ohartarazi du Uemak.

Tolosako kaleak. Argazkia: EITB Media
Tolosako kaleak.
Tolosako kaleak. Argazkia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen erabilerak behera egin du euskara gehien erabiltzen den tokietan, hau da, arnasguneetan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) egindako ikerketa baten arabera.

Oro har, Uema osatzen duten 87 herrietako eta Tolosaldeko beste seitako kaleetan erabilerari eutsi diote. 10 pertsonatik 6 kalean euskaraz aritzen dira; 10etik 4, beraz, gaztelaniaz, eta % 2, beste hizkuntza batzuetan.

Erabilera maila altuena duten guneetan, baina, behera egin du. Uemak hiru maila bereizten ditu euskal hiztunen portzentajearen arabera: euskaldunak % 90etik gora direnean, % 80-90 direnean eta % 60-80 direnean.

Lau urteko epean, 2017tik hona, % 86tik % 83ra jaitsi da kaleko erabilera udalerri euskaldunenetan. Bigarren mailan dauden herrietan ere, 3 puntuko jaitsiera izan da: % 82tik 2017an % 79ra orain. Hirugarrenean, hau da, euskal hiztun proportzio txikiena duten udalerrietan, ordea, apur bat igo da erabilera: % 53tik % 55era.

Adin tarteei erreparatuta, euskararen erabileran atzera egin dute nerabeek eta gazteek (15-24 urte). Haurrek eta heldu gazteek (25-64), ordea, orain dela lau urte baino joera handiagoa dute euskaraz aritzeko. Edozein kasutan, 2017tik hona aldeak ez dira oso handiak; gehienez, puntu batekoak.

Uemak azaldu duenez, euskaldun dentsitateak zerikusi zuzena du erabileran. Gero eta euskaldun gehiago badaude, erabilera handiagoa izango da. Aritz Abaroa Uemako presidentearen hitzetan, "euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsuak dira euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat". Edozein kasutan, dentsitate handieneko eremuetan ere arriskuak daudela ohartarazi du. "Bilakaera negatiboa izaten ari dira eremu horiek", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak