Gizartea -
TXOSTENA
Euskadiko emakume nekazarien % 70ek jarrera sexistak jasan dituzte
Emakundek egindako ikerketa baten arabera, emakume nekazariek oztopoak dituzte erabaki-eremuetan parte hartzeko. Elkarrizketatu gehienek uste dute sektorea historikoki gizonen mundu gisa irudikatu dela.
EITB MEDIA
Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak egindako ikerketa baten arabera, emakume nekazariek oztopoak dituzte erabaki-eremuetan parte hartzeko. Elkarrizketatu gehienek uste dute sektorea historikoki gizonen mundu gisa irudikatu dela.
Ordezkatuak eta ikusgarriak. Nekazal emakumeen parte hartzea eta ordezkaritza sektoreko erabaki guneetan azterlana aurkeztu du astearte honetan Emakundek. Ikerketa Leire Milikuak egin du, erakunde horrek emandako beka bati esker.
Azken urteotan, batez ere 2015ean Emakume Nekazarien Estatutua onartu zenetik, berdintasunaren aldeko urratsak eman diren arren, txostenak dio nekazaritzaren arloan lan egiten duten emakumeek oztopoak dituztela erabaki-eremuetan parte hartzeko. Era berean, elkarrizketatu gehienek uste dute sektorea historikoki gizonen mundu gisa irudikatu dela.
Horrela, adierazi dute emakumeen tokia ia beti "itzalean" egon dela, espazio pribatuan, eta gizonak izan direla azoketara, tratura eta bileretara joan direnak.
Elkarrizketatuen % 52k zailtasunak aurkitu ditu bileretan, esaterako, eurek esandako jarraibideei kasu egiterako orduan, gizonek ez bezala. Era berean, % 67k jarrera sexistak pairatu dituzte eta % 52k jarrera 'paternalistak'.
Honen guztiaren aurrean ikerketak hainbat proposamen egiten ditu eta emakumeei gomendio batzuk ematen dizkie, hala nola kontzientzia hartzeko eta haien konfiantza indartzeko edo haien arteko aliantzak sustatzeko beharra.
Beste proposamen batzuren artean daude, esaterako, sektoreko erakunde- eta elkarte-mailan bultzada ematea: lankidetza sustatzea, ustiategi profesionalei lehentasuna ematea, elkarteen kontzeptua berrikustea edo emakumeentzako gune propioak sortzea.
Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, Emakume Nekazarien Estatutuaren garrantzia azpimarratu du, "Estatuan aitzindaria" izan zelako eta, besteak beste, profesionalen "parte-hartze orekatua" bultzatu nahi duelako nekazaritzaren sektorean.