Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
20 urteko gaztea atxilotu dute Bilbon, emakume bat bortxatzea leporatuta
Ostiral gauetik larunbatera, bortxaketa bat salatu zuen emakume batek eta larunbatetik igandera, sexu abusuak jasan izana beste batek. Lehen erasoaren ustezko egilea atxilotu dute.
EIDER JAUREGI O. | EITB MEDIA
20 urteko gazte bat atxilotu dute eguerdian Bilbon, ostiraletik larunbaterako gauean emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Biktimak atzo 10:00ak aldera jarri zuen salaketa, eta ustezko egilea gaur eguerdian aurkitu eta atxilotu dute hiriburuan bertan.
Atxilotua ertzain-etxera eraman dute eta epailearen aurretik igarotzeko zain dago.
Bestalde, larunbatetik iganderako gauean, ukituak jasan izana salatu zuen beste emakume batek Bilbon bertan. Sexu eraso hori Deustuko txosna gunean gertatu zen eta kasu horretan ere ikerketa ireki du Ertzaintzak egilea aurkitzeko.