Gizartea -

ukrainako gerra

Ukrainako errefuxiatuak Euskadin hartzeari buruzko galdera-erantzunen gida

Eusko Jaurlaritzak Ukrainako errefuxiatuen harreraren inguruko txostena argitaratu du, gida modura, galdera ohikoenak erantzuteko.

Ukrainar errefuxiatuak, Bilbon. Argazkia: EFE
Ukrainar errefuxiatuak, Bilbon. Argazkia: EFE
Ukrainar errefuxiatuak, Bilbon. Argazkia: EFE

i.l.k. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Ukrainako errefuxiatuen harreraren inguruko txostena argitaratu du larunbat honetan, gida modura, galdera ohikoenak erantzuteko.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan aktibatutako Kontingentzia Planarekin lotutako zalantzak jorratu dituzte batetik, eta ekimen solidarioekin edo laguntzeko bideekin zerikusia dutenak, bestetik.

Hona hemen Jaurlaritzak martxan jarritako planaren inguruko galdera-erantzunak:

1. Zer egin behar du Ukrainatik datorren pertsona batek harreran laguntza jasotzeko?

Ukrainatik datorren edonork 945 222 222 telefonoa eta harrera-zentro bat ditu eskura, lurralde bakoitzean Gurutze Gorriak artatzen duen aurrez aurreko arreta duena:

- Gasteiz: Gaztelako Atea, 52

- Bilbo: Concha Jeneralaren kalea, 34

- Donostia: Zorroagako Gaina, 41

2. Ba al du Euskadik Ukrainako errefuxiatuen harrera antolatzeko planik? Hala bada, non lor dezaket?

Martxoaren 10ean, Lehendakariak deituta, mahai bat bildu zen, instituzio guztiak eta gizarte-erakunde nagusiak bertan zirela. Bilkura horretan, Ukrainaren inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonak hartzeko Euskadiko Lehen Kontingentzia Plana aurkeztu zen.

Behin-behineko indarraldia martxoaren 10etik 31ra bitartekoa da. Dokumentu hori hemen eskura daiteke.

3. Zergatik du Kontingentzia Planak hiru asteko indarraldia soilik?

Une honetan, oso informazio gutxi dago eskuragarri. Kontingentzia Plana informazio horren arabera prestatzen da, aurrerago eguneratu eta egokituko direnak, une bakoitzean harrera duina eta larrialdiko hasierako bizilekua bermatzeko.

4. Zein da eskura ez dagoen informazioa?

Une honetan ezin da jakin zenbat pertsona irits daitezkeen Euskadira, ezta zer epe duten ere. Horregatik, garrantzitsua da Euskadira iristen denak  945 222 22 telefono-zenbakira jakinaraztea iritsi dela eta bertan geratzeko asmoa duela, kontuan hartzeko eta hobeto artatzeko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak ez daki Estatuak zer baliabide antolatuko dituen Europako Zuzentaraua aplikatzeko, aldi baterako babesak ematen dituen eskubideei dagokienez, edo lekualdatutako pertsonen biziraupenerako laguntza ekonomikoei dagokienez.

5. Lekualdatutako pertsonen biziraupenerako laguntza ekonomikoak aipatzen direnean, zer dira?

Ukrainatik datozen pertsonei nazioarteko aldi baterako babesa aitortzeak bizirauteko behar dituzten baliabideak eskaintzea dakar. Laguntza horiek zehaztea Estatuko Administrazioaren eskumena da. Hori antolatzen ez den bitartean, Eusko Jaurlaritzak eremu horretan esperientzia duten gizarte-erakundeekin akordio bat bultzatzeko asmoa du, laguntza horiek behar dituzten pertsonak eta familiak bideratzeko eta haiei helarazteko.

6. Zenbat plaza daude Euskadin Ukrainatik datozen pertsonak hartzeko?

Bereizi egin behar dira, batetik, lehenengo egunetarako larrialdiko hasierako ostatua, eta, bestetik, bizitoki-aukera egonkorra. Hasierako ostatu baterako, Estatuko Harrera eta Integrazio Sistemako plazak daude eskuragarri.

Bizileku-irtenbide egonkor baterako, etxebizitza-poltsa bat prestatzen ari da Jaurlaritza Alokabiderekin eta EUDELekin, eta horri herritarrek edo Euskadin bizi diren ukrainarrek borondatez eskainitako etxebizitzak gehituko zaizkio.

7. Zenbat etxebizitza eskaini dituzte borondatez herritarrek?

Ezinezkoa da zenbaki zehatz bat ematea, baieztatu aurretik eskaintza solidario bakoitzaren egokitasuna egiaztatu behar delako. Kasu guztietan, etxebizitzek espazioari, bizigarritasunari eta bizikidetza-bideragarritasunari buruzko baldintzak bete behar dituzte erabilera horretara bideratu ahal izateko.

Ekimen solidarioekin lotutako galderak

1. Nora jo behar du lagundu nahi duen pertsona batek?

Herritarrek edo erakundeek eman nahi dituzten laguntza guztiak koordinatzeko eta bideratzeko errefuxiatuak@euskadi.eus helbidera mezu elektroniko bat idaztea da bidea, eman nahi duten laguntza deskribatzeko.

Ez dute gomendatu askatasunez edo larrialdi-egoeren kudeaketan edo laguntza humanitarioan esperientzia duten erakunde espezializatuekin harremanetan jarri gabe jardutea.

2. Eta norbaitek dohaintza ekonomikoa egin nahi badu?

Aukera onena da dohaintza ekonomikoak jadanik lanean ari diren erakundeei zuzentzea, dela tokian bertan, dela harreraren eta laguntza humanitarioaren arloan, erakunde horiek emandako kontu-zenbakietan. Erakunde batzuek bazkide egiteko aukera ere plantea dezakete, lotura egonkorragoa izan nahi bada.

3. Eta elikagaiak, arropa eta abar eman nahi badira?

Elikagaiak, arropa edo bestelako gauzak eman nahi badira, aldez aurretik egiaztatu behar da bilketa antolatzen duenak aurreikusitako materiala helmugara nola eramango duen. Helmugako herrialdean edo eremuan presentzia edo kontaktuak dituzten erakundeei ematea gomendatzen da.

4. Pertsona batek etxebizitza bat utzi nahi badu, nora jo behar du?

Mezu elektroniko bat idatzi beharko du errefuxiatuak@euskadi.eus helbidera. Idazkian etxebizitzaren baldintzak zehaztea iradoki du Jaurlaritzak.

Une honetan, batez ere familia baten eguneroko bizitzarako etxebizitza ekipatuak behar dira. Etxebizitzaren eskaintza etxebizitza partekatzeko eta errefuxiatuekin bizitzeko bada, hori ere zehaztu behar da.

5. Norbaitek boluntario gisa lagundu nahi badu edozein laguntza-jardueratan, zer egin dezake?

Lehenik eta behin, mezu elektroniko bat idatzi errefuxiatuak@euskadi.eus helbidera. Bigarrenik, elkartasunak denboran iraun beharko duela pentsatzea komeni da.

Ukrainatik datozen pertsonak Euskadin instalatzen direnean, boluntarioen taldeak antolatu beharko dira, honako helburu hauekin:

- Lekualdatutako pertsonei laguntza, konpainia eta giza beroa ematea.

- Hizkuntza ikasten laguntzea, beren bizi-ingurune berria ezagutzen laguntzea, bai zerbitzuak, dendak edo garraioak erabiltzen, bai aisialdirako, autonomiarako edo gizarte- eta lan-egokitzapenerako aukerak ezagutzen. Eusko Jaurlaritza proposamen bat prestatzen ari da gizarte-elkartasuneko sare hori antolatzeko.

6. Zer iritzi du Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuak gure herrialdera iristea errazteko Euskaditik Ukrainako mugako herrialdeetara lekualdatzen diren pertsonen edo taldeen bat-bateko ekimenei buruz?

"Oso garrantzitsua" da elkartasun-borondatea koordinaziorik gabe edo modu partikularrean ez gauzatzea, erakundeekiko komunikaziorik izan gabe. Hori dela eta, horrelako eskaintzak aldez aurretik jakinarazi behar dira errefuxiatuak@euskadi.eus helbide elektronikoan.

Erakundeek aldez aurretik jakin behar dute zenbat pertsona iritsiko diren Euskadira bide horretatik, zer adin edo profiletakoak diren, zer premia dituzten edo bertan ahaiderik edo hurbileko pertsonarik duten.

7. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak espresuki ez du gomendatzen ekimen espontaneorik?

Eusko Jaurlaritzak berariaz ez du gomendatzen familia harremanik ez duten edo Euskadirekin edo tokian bertan lanean ari diren erakundeekin aldez aurretik loturarik ez duten helduak modu partikularrean jasotzera joatea. Elkartasunak eraginkorra eta antolatua izan behar du, pertsonen eskubideak eta haien babesa bermatzeko, laguntza jasotzen dutenei eta eskaintzen dutenei arriskuak saihestuz.

Eusko Jaurlaritzak berretsi du ez direla lekualdatu behar inoren kargura ez dauden adingabeak, ezta legezko tutoreen baimenik ez duten adingabeak ere. Adingabeak lekualdatzeko eta harreran hartzeko, segurtasun juridikoa, babes handiena eta kontrol publikoa izan behar dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina gaur Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Errusia berriak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Errefuxiatuak azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa