Gizartea -
Migrazioa
EAEko eta Ipar Euskal Herriko erakundeek "konpromiso humanitarioa" berretsi dute migrazio-krisiaren aurrean
Ekitaldian azaldu dutenez, Irungo Pabellon 55 harrera-zentro berrian artatuko dituzte helduko diren errefuxiatu ukrainarrak. Erakundeen arteko mahaian, gainera, Euskal Hirigune Elkargoko ordezkari bat ere egongo da.
Mikel Dominguez | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak ekitaldi bateratua egin dute Irunen (Gipuzkoa), gerretatik ihesi dauden migratzaileak omentzeko eta arreta emateko baliabideak bisitatzeko. Iragarri dutenez, errefuxiatuei eman beharreko premiazko arretaren inguruko mahaian Ipar Euskal Herriko ordezkari bat egongo da.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Hirigune Elkargoak migrazio-krisiaren aurrean "konpromiso humanitarioa" dutela berretsi dute, azaroan sinatutako adierazpena gogora ekarrita, are gehiago "ukrainaren inbasiotik ihes egiten duten pertsonen etengabeko fluxua" ikusita.
Urkullu eta Etchegaray Pabellon 55 Eusko Jaurlaritzaren harrera zentro berrian izan dira. 150 plaza ditu, eta Hilanderasko zentroaren 100 plazari gehituko zaizkie. Jaurlaritzak azaldu duenez, Pabellon 55 eraikinean hartuko dituzte errefuxiatu ukrainarrak, beste zentro batzuetara bideratu baino lehen.
Ekitaldian Jaurlaritzako eta Ipar Euskal Herriko beste ordezkari batzuk ere izan dira; Iparraldeko ordezkari gisa Pertsona Migratzaileen Presako Harrera Koordinatzeko Erakunde arteko Mahaian egongo den Joseba Erremundeguy Baionako hautetsia eta Euskal Hiri Elkargoko ordezkaria, besteak beste.
Bi agintariek bidean dauden migratzaileak eta errefuxiatuak omendu dituzte Gipuzkoa eta Lapurdi batzen dituen Santiago zubian, "mundu osoko jende askoren joan-etorrien sinboloan", lehendakariaren hitzetan.
"Gogoan daukagu Errusiak Ukrainari egindako inbasioa, pertsona errugabeei eraso egiten dielako, eta laguntza, babesa eta harrera bilatzen duten milaka pertsonaren ihesa eragiten duelako", esan du Urkulluk, eta "desberdina dena" ez dezatela "beldurrez" hartu eskatu die herritarrei.
Etchegarayk, bestalde, "senidetasuna" Frantziako Konstituzioan onartuta dagoela gogorarazi du. "Balio moralez ahazteak gure bizikidetza ahultzera eramango gintuzke, gure kontratu soziala degradatzera. Horiek ahazteak gaur egun gogoratzen ditugun bezalako egoera tragikoak berpiztera eramango gintuzke", esan du.