Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Sagardui: "Maskara barnealdean kentzeaz ez genuen hitz egin Lurralde arteko bileran, oraindik ez da unea"

Osasun sailburuaren hitzetan, "gorakada txikia" atzeman dute pandemiaren bilakaeran. Ukrainako gerrari buruz, errefuxiatuei emango zaien osasun arreta euskal herritarrek dutenaren parekoa izango dela hitzeman du.

Sagardui, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Sagardui, elkarrizketaren une batean.
Sagarduik dio Lurralde arteko bileran ez zela barrualdeetan maskara kentzeari buruz hitz egin: ''Ez da unea''

1:02

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak nabarmendu duenez, maskara barnealdean kentzearen gaia ez zuten ahotan hartu atzo Lurralde arteko Osasun Batzordearen bileran. "Sortutako ikusminari buruz aritu ginen, ulertzen dugu hein batean, denok nahi dugulako gauzak hobera joatea, baina ez zen gaia aztertu (...) Oraindik ez da unea heldu. Denok bat gatoz noiz kendu baino, nola dela kasu honetan garrantzitsuena", azaldu du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Sagarduik esan du "gorakada txikia" igarri dutela pandemiaren adierazleetan. "Gaur 900 kutsatze berrien langa gaindituko dugu berriro", erantsi du. Horren ustez, herritarrak "erlaxatu" egin dira prebentzio neurriak hartzeko orduan, eta litekeena da hori izatea hazkunde horren arrazoia. "Oraindik hilabeteak eman beharko ditugu birus honekin elkarbizitzen. Ikusi behar dugu nora doan goranzko joera hori, baina badirudi oraingoz ez diola ospitaleei eragin", erantsi du.

Lurralde Arteko Osasun Batzordeak izurria beste modu batez kontrolatzeko beharra aztertu zuela argitu du Sagarduik, eta horretan erkidego guztiak bat etorri zirela jakinarazi du: "Adierazleen bilakaera bestelakoa den heinean, horiek jarraitzeko modua ere aldatu beharko da". Azaldu duenez, Euskadik badu esperientzia pilotu bat arnas aparatuko gaixotasunak (gripea, covid-19a eta besteren bat) kontrolatzeko mediku jagole talde batekin, eta eredu berri horretan lagungarri izan daiteke.

Ukrainako gerrak sortutako krisi humanitarioaz, esan du Osasun Saila EAEko gainerako erakundeekin lankidetzan ari dela propio sortu duten kontingentzia planaren baitan. "Harrera ezberdina izango da, epe ertain-luzekoa. Ez dakigu zein izango den hartu beharko dugun pertsonen kopurua, baina edonola ere, Osakidetzatik eta Osasun Sailetik lan egingo dugu errefuxiatuei emango zaien osasun arreta euskal herritarrek dutenaren parekoa izango dela". Halaber, adierazi du Ukrainatik eskatzen ari zaizkien osasun produktuak helarazteko koordinatzen ari direla. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa Maskarak