Gizartea -
larrialdi klimatikoa
Artikoak itsas izotzaren heren bat galdu du azken 18 urteotan
Urtaroko itsas izotza zenbait urtetan zehar pilatutako izotz lodiagoa ordezkatzen ari da, eta itsas izotzaren mehetze joera bultzatzen, ikerketa berri baten arabera.
agentziak | eitb media
Artikoak neguko itsas izotz bolumenaren heren bat galdu du azken 18 urteotan, urte askotako izotzaren murrizte iraunkorra dela eta, hein handi batean. Hala ondorioztatu du Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratutako ikerketa batek.
Urtaroko itsas izotza, udaro urtu egiten dena alegia, zenbait urtetan zehar pilatutako izotz lodiagoa ordezkatzen ari da, eta itsas izotzaren mehetze joera bultzatzen, ikerketaren arabera.
Lehen aldiz neurtu dute Artikoko itsas izotzaren elurraren sakonera, LIDAR (ICESat-2 erabilita) eta radar (CryoSat-2aren bitartez) datuen konbinaziotik abiatuta. Itsas izotzaren sakoneraren eta ur gainean dagoen elurraren altueraren estimazioen bitartez, ikerketak ondorioztatu zuen urteetan zehar pilatutako Artikoko itsas izotzak neguko bolumenaren % 16 galdu duela, metro erdiko lodiera gutxi gorabehera, ICESat-2 agertu eta hiru urtera.
Sahra Kacimi ikerketaren egile nagusiak eta Kaliforniako Teknologia Institutuko zientzialari polarrak ohar batean adierazi duenez, "ez genuen murrizte hori espero, ezta hiru urte eskasetan izotza askoz meheagoa izaterik ere".
Ikerketak ICESat, ICESat-2 eta CryoSat-2 sateliteen 18 urteko behaketa erabili zuen, hilabetero lodiera eta bolumen aldaketak atzemateko, eta 2018tik 2021era bitarteko estimazioei testuingurua emateko. 18 urteko markak neguko izotzaren bolumenaren 6.000 kilometro kubiko inguruko galera azaldu zuen, hein handi batean urteetan zehar pilatutako izotzetik urtarokora gertatutako aldaketagatik, azken hori meheagoa baita.
Izotzik zaharrena, zenbait urtetakoa, lodiagoa izan ohi da eta, hortaz, urtzearekiko erresistenteagoa. Antzinako Artikoko itsas izotz "depositu" hori agortu ahala eta urtaroko izotza ohiko bilakatu ahala, Artikoko itsas izotzaren lodiera eta bolumena ere murriztu litezke.
"Uneko ereduek aurreikusten dutenez, mende erdialderako izotzik gabeko udak espero ditzakegu Artikoan, urtze denboraldian bizirauteko beste lodia den izotz zaharra desagertzean", azaldu du Kacimik.