Gizartea -
KORONABIRUSA
Espainiako Gobernua eta erkidegoak covid-19aren normalizazio-fase berria eztabaidatzen ari dira
"Gaixotasun hau arnas eremuko beste edozein gaixotasun bezala kudeatzea" ahalbidetuko duen estrategia berria finkatuko du. Barrualdean maskarak erabiltzeari uzteko gaia ez dago Lurralde arteko Kontseiluaren gai-zerrendan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osasun Ministerioa eta erkidegoak covid-19a kontrolatzeko estrategia berria eztabaidatzen ari dira ordu honetan, pandemiaren hurrengo fasea gidatuko duen ibilbide-orria, eta zalantza handi bat argitzeke dago: noiz eta non kendu ahal izango den maskara barrualdeetan.
Helburu horrekin bildu dira atzotik "Osasun Publikoaren Zaintzari buruzko Osasun Sistema Nazionalaren Jardunaldiak" izenekoan, Zaragozan, Espainiako eta autonomia-erkidegoetako gobernuen ordezkariak, lehenik teknikariak, osasun-krisia kudeatzeko irizpide berriak proposatu dituztenak, eta orain kontseilariak eta Carolina Darias Osasun ministroa, adituen irizpideak berretsi beharko dituztenak.
Estrategia berritik jakina da egoera ahulenean daudenei eta haien inguruneari eta kasu larriei buruzkoa izango dela: akabo kutsatzeak egunero zenbatzea, infekzio aktiboaren diagnostiko-probak egitea oro har, miaketak edo gaixo arinen eta sintomarik gabekoen isolamendua.
Teknikariek eta politikariek "gaixotasun hau arnas eremuko beste edozein bezala kudeatzea" ahalbidetuko duen agertokia marraztuko dute, Sira Repolles Aragoiko kontseilariak atzo azaldu zuenez; horretarako, beharrezkoa izango da zaintza-sistemak pixkanaka aldatzea eta irizpideak bateratzea, bi egun hauetan lantzen ari diren gaiak, alegia.
Zaintza epidemiologikoko bilera gisa, prebentzio-irizpideak, koarentenak, zaintzaile-sareen bidezko kontrolak, "gaixotasuna aurreikusi ezin den moduan eboluzionatzen ari dela hautematea" eragingo duten alarma-seinaleak, pertsona kalteberei arreta ematea eta maskarak erabiltzea ere jorratuko dituzte.
Maskara pandemiaren fase akutuan indarrean geratzen den azken murrizketa handia da; autonomiek erabakitzen zuten covid pasaportea ez bezala, haren erabilera errege-dekretu bidez araututa dago, azkena joan den otsailaren 8koa, maskara kanpoaldean erabiltzeko beharra kendu zuena.
Aste honetan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berriro esan du "laster, oso laster" utziko diola derrigorrezkoa izateari barnealdeetan, Osasun ministroak hala erabakitzen duenean. Hala ere, bere Saileko iturriek argitu dutenez, egun hauetan mahai gainean dagoena sistema berriaren definizioa da, ez maskarak kentzea, ez baitute horretaz eztabaidatu alerten txostenean.