Gizartea -
BIZKAIA
Barakaldo eta Erandio lotuko dituen 470 metroko zubi birakaria 2024an irekiko dute
Bizkaiko Foru Aldundia proiektua idazten ari da, lanak lizitatu aurretik. Mike Schlaich ingeniari alemaniarrak diseinatu du txirrindularientzako eta oinezkoentzako zubia, eta itsasontziak igarotzeko ireki egingo da.
EITB Media
Erandio eta Barakaldo lotuko dituen zubi birakariaren diseinua aurkeztu dute gaur goizean Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Mike Schlaich zubia diseinatu duen ingeniari alemaniarrak. 470 metro luze izango den txirrindularientzako eta oinezkoentzako zubia 2024an martxan izango da eta itsasontziak igarotzeko ireki egingo da.
Bizkaiko Foru Aldundia proiektua definitzen ari da orain eta, ondoren, lanak lizitatuko ditu.
Aurreikuspenen arabera, obrak uda aurretik lizitatuko dira, eta urte amaieran edo hurrengo urtearen hasieran hasiko dira eraikitzen. Lanen iraupena zein aurrekontua eraikuntza proiektuan definituko badira ere, 18 hilabete eta 16,5 milioi eurokoak izatea aurreikusten da.
Unai Rementeriak azpimarratu duenez, proiektu horrek beste bultzada bat emango dio mugikortasunaren trantsizioari. Izan ere, ibaiaren bi ertzetakobizikleta-sareak lotuko ditu eta bizikletaren erabilera erraztuko du.
Zubia egin ondoren 400 metro karratuko gune publiko berri bat sortuko da Erandion. Barakaldon, itsasadarraren ondoko aisialdi-eremura iritsiko da zubia.
Aipaturiko zubia Bilbo eta Getxo lotuko dituen bizikletentzako eta oinezkoentzako bulebarrarekin lotua dago.