Gizartea -
EPAIKETA
Kote Cabezudok bere aurkako salaketa guztiak ukatu ditu
Fiskaltzaren galderei soilik erantzun die akusatuak orain arte, eta, besteak beste, ez zuela adin txikikoekin harreman sexualik izan eta ez ziela inoiz ere modeloei ukiturik egin azaldu du.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Kote Cabezudo argazkilari donostiarrak orain arteko bere aurkako salaketa guztiak ukatu ditu. Besteak beste azaldu du ez zuela adin txikikoekin harreman sexualik izan eta ez ziela inoiz modeloei ukiturik egin. Era berean, baztertu egin du modeloek ez zekitela biluzik aterako zirenik eta ondoren argazkiak web orrietan zabalduko zirenik. Kontratuak adin nagusi zirenean sinatu zituztela ere gaineratu du, eta bazekitela nola eta zertarako erabiliko ziren irudi horiek.
Haur pornografia egitea ere leporatu diote argazkilariari, eta azaldu du kasu guztietan "erabat informatutako" kontratu bat sinatu zutela neska horiek, eta, adingabeen kasuan, gurasoren batek sinatu zuela, neskak berak faltsutu omen zuen kasu batean izan ezik. Adierazi du, gainera, inoiz ez duela inor behartu bere saioetan edo xantaia eginez.
10:00ak baino minutu batzuk lehenago hasi da Donostian Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketaren gaurko saioa. Epaiketa bertan behera geratu zen atzo, defentsak lekukotza berri bat eta froga berriak proposatu ondotik. Akusazio partikularrak bi gai horiek berrikusteko eskatu zuen, eta auzitegiak ikustaldia gaur arte atzeratzea erabaki zuen.
Astearteko saioa atzoko aurretiazko gaiak konponduz hasi da. Akusazio partikularrak gogorarazi du, atzo defentsak froga gisa aurkeztutako neska batzuek sinatutako kontratuei dagokienez, akusatua kondenatua izan zela dokumentu faltsuak aurkezteagatik. Ildo horretan, Mario Diez abokatuak prozedura irekitzea eskatu du, "dokumentazio faltsua aurkezteagatik", eta aipatu kontratuak froga gisa ez onartzea eskatu du, baita defentsak proposatutako irakasle baten lekukotzari uko egitea ere.
Epaimahaiko kideek, baina, defentsak aurkeztutako ia proba guztiak onartu ditu; irakaslearen lekukotza eta aurkeztutako hiru kontratuetako bi. Defentsak atzo aurkeztutako argazki-liburuei dagokienez, auzitegiak uste du biluzien liburuek ez dutela ezer berririk ekartzen.
Behin gai horiek jorratuta, auzitegiaren aurrean deklaratzen hasi da Kote Cabezudo. Cabezudoren abokatuek atzo jakinarazi zutenez, Fiskaltzaren galderei erantzungo die, baina ez akusazio partikularrari. Eta horrela egin du. Fiskaltzak egindako galderak erantzun ditu eta bere kontrako akusazio guztiak ukatu ditu. Cabezudoren hitzetan, ez zuen adin txikikoekin harreman sexualik izan eta modeloei ez zizkien sekula ukituak egin.
Gainera, kontratuak sinatzerakoan emakumeek argazki horiek non eta nola zabalduko ziren aldez aurretik bazekitela eta argazkiak ez zirela pornografikoak gehitu du. Era berean esan du guztiak adin nagusikoak zirela.
Fiskalak galdeketa amaituta, akusatua defentsaren galderei erantzuten hasi da. Cabezudok adierazi duenez, modeloek ezagutzen zuten egiten zuen lan mota, eta kontratuetan espresuki adierazten zela hirugarrenei saldu ahal zitzaiela, nahiz eta ez zuen sekula egin.
Beste webgune batzuetan irudiak erabiltzeari dagokionez, argazkilari donostiarrak esan du nazioarteko webgune horiek bere baimenik gabe argitaratzen zituztela argazkiak, eta berak ez zituela inoiz argitalpen horiekin irabazirik jaso.
Biharko etenaldiaren ostean, ostegunean ekingo zaio berriz ere epaiketari.
Ia 9 urte iraun dituen ikerketaren ondoren, fiskalak delitu zantzuak ikusi ditu eta 32 lege-hauste leporatzen dizkio Cabezudori, tartean haur pornografiarena. Hala, 121 urteko kartzela zigorra eskatuko du fiskalak, 16 emakumeren aurka egindako delituengatik. Akusazio partikularraren eskaria, berriz, askoz handiagoa da. Zigor eskaria 2.400 espetxe-urtetara handitzen du, ia 200 delitu leporatzen baitizkio: bortxaketak, iruzurra eta adin txikikoen aurkako delituak tartean.