Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Artolazabal: "Dena antolatu nahian gabiltza Ukrainatik errefuxiatu uholdea heltzen denerako"

"Egunetik egunera aldatu egiten da handik iritsitako pertsona kopurua. Irunen, Oñatin, Tolosan eta Berrizen ostatu eman diegu horietako askori. Gainera, errefuxiatuak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez hainbat euskal herritarrek beren etxeak eskaini dituzte", esan du.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izan da astearte honetan, non, besteak beste, gerratik ihesi, egunotan Euskadira iritsi diren ukrainarrei buruz mintzatu den.

"Egunetik egunera aldatu egiten da handik iritsitako pertsona kopurua. Irunen, Oñatin, Tolosan eta Berrizen ostatu eman diegu horietako askori. Gainera, errefuxiatuak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez hainbat euskal herritarrek beren etxeak eskaini dituzte. Gure asmoa da eskaintza horiek guztiak ahalik eta modu egokienean kudeatzea. Horretarako, datozen orduetan erakundeen eta elkarte ezberdinen arteko elkarlan dokumentu bat itxiko dugu", esan du.

Haatik, zehaztu du, Ukrainatik heldutako pertsonen profilak aztertu behar dituztela lehenik eta behin, "horien egoera legeztatzeko, eta, modu arinean, behar dituzten baliabideak bilatzeko". "Hekuntza eta Osasun Saila lanean dabiltza erantzun azkar baten bila, bereziki, txikienen eskolaratzea posible egiteko. Dena antolatu nahian gabiltza, Ukrainatik errefuxiatu uholdea iristen denerako. Batez ere, handik datozen emakume eta haurretan jarri nahi dugu arreta", nabarmendu du.

Jende uholde hori noizko espero duten galdetuta, Artolazabalek aurreratu du Ministerioak ez diela oraindik horren inguruko informaziorik eman. "Beharrak aztertuko ditugu, eta erantzunik onena ematen ahaleginduko gara", adierazi du. Halaber, gogora ekarri du munduko beste herrialde batzuetatik ere errefuxiatuak heltzen ari direla. "Gerra gehiago ere badaude, eta horietatik alde egin nahian daudenek ere laguntza behar dute Euskadira heltzen direnean. Maila ematen saiatu behar gara", azpimarratu du.

Bukatzeko, oso pozik agertu da euskal herritarrek erakutsitako elkartasunarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Gipuzkoa Tratu txarrak Espainian Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gizartea Genero indarkeriaren biktimak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Mundu matxista Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Martxoak 8, Emakumeen Eguna