Gizartea -

KORONABIRUSA

ZIUetako gaixoen kopurua 40tik jaitsi da Euskadin

14 eguneko intzidentziak behera egiten jarraitzen du, baina 7koa pixka bat igo da eta R0 indizea 0,90era iritsi da. Gainera, positibo berrien eta gela arruntetan ospitaleratutakoen kopuruen beherakada gelditu egin da.

Basurtuko langileak ZIUan . Argazkia: EFE.
Basurtuko langileak ZIUan
Basurtuko langileak ZIUan . Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak beheranzko joerarekin jarraitzen du Euskadin, baina birusaren oinarrizko birsorkuntza-tasak (R0) gora egiten jarraitzen du, eta eguneko positiboen gorakada txiki bat izan da. Hala ere, ZIUetako egoerak hobera egin du, eta covid-19a duten 40 paziente baino gutxiago dituzte.

14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 413,65 kasukoa da 100.000 biztanleko. Astelehenean 467 puntuko intzidentzia metatua izan zen, eta duela astebete 580 kasukoa, Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren datuen arabera.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Arabak du intzidentzia-tasa metatuaren adierazlerik baxuena, 395,20koa; atzetik, oso gertu, Bizkaia dago, 409,8 kasurekin, eta apur bat urrunago, Gipuzkoa, 425,84rekin.

Asteko kutsatzeen kopurua ere txikiagoa da, 4.150 positibo atzeman baitituzte azken zazpi egunetan. Hala ere, atzo erregistratutako 815 positibo berriak aste osoko daturik altuena dira, eta positibotasun-tasa % 14,3ra igo da.

Covid-19a zuten 38 gaixo larri zeuden asteazken honetan, 49 ziren igandean eta 56, berriz, duela astebete. Covid-19aren ondorioz gela arruntetan ospitaleratutako gaixoen kopurua (157) duela astebetekoa baino txikiagoa (205) baina astelehenekoa baino handiagoa (150) da.

Covid-19ak epe laburragora izan duen bilakaera aztertuta, 7 eguneko intzidentzia-tasa metatuaren arabera neurtuta, 100.000 biztanleko 184,62 kasutik 186,65era igo zen atzo.

Era berean, birusaren oinarrizko birsorkuntza-tasak (R0) gora egin du, otsailaren 11n 0,68 izatetik 0,90 izatera iritsi baita. R0 indizeak Bizkaian izan du gorakada handiena (0,82), baina Araban (0,76) eta Gipuzkoan (0,77) ere egin du gora.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea