Gizartea -
Berdintasuna
Hauek dira Berdintasun Legeak ekarriko dituen berritasunak
Helburu nagusitzat du "berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka" aurrerapausoak ematea, baita politikak testuinguru juridiko, arauemaile eta sozial berrira egokitzea ere.
EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak Berdintasunerako Legea onartuko du ostegun honetan, eta hainbat berritasun ekarriko ditu horrek. Adibidez, dirulaguntzak aurreikusi dituzte indarkeria matxista dela eta umezurtz geratu diren haurrentzat. Era berean, Jaurlaritzak bere gain hartuko du indarkeria matxistaren biktima izan eta epaile batek ezarritako kalte-ordaina kobratu ezinik dauden kasuen laguntza ekonomikoa. Hala, 2005etik indarrean dagoen araudia moldatuko du.
Helburu nagusitzat du "berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka" aurrerapausoak ematea, baita politikak testuinguru juridiko, arauemaile eta sozial berrira egokitzea ere.
Hartara, lege berri honek indarkeria mota guztiak hartzen ditu barne, dela arlo publikoan, dela arlo pribatuan jasandakoak.
Halaber, honako hauek hartzen ditu bere gain: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, familia barruko indarkeria, sexu-indarkeria, feminizidioa, emakumeen eta nesken salerosketa, sexu-esplotazioa, emakumeen genitalen mutilazioa, nahitaezko ezkontzak, bortxa edo askatasun-gabetze arbitrarioa, tortura, jazarpena eta genero-indarkeria politikoa.
Gainera, emakumeez gain, biktima dira indarkeria erabiltzen den ingurune baten eraginpean dauden haurrak eta nerabeak eta mendeko beste pertsona batzuk.
Neurri berriak:
-Umezurtz geratu diren seme-alabei zuzendutako laguntza ekonomikoak.
-Debekatuta dago pertsonen sexuan oinarritutako bereizkeria oro, zuzenekoa zein zeharkakoa, edozein dela ere horretarako erabilitako modua
-Administrazioek genero-ikuspegia txertatu beharko dute beren politika guztietan, eta, adibidez, ordezkaritza orekatuaren printzipioa aplikatuko da epaimahaien, hautaketa-epaimahaien eta gainerako administrazio-organoen izendapenean, bai eta kargu publikoen eta sozietate publikoetako administrazio-kontseiluetako kideen izendapenean ere.
-Biktimen arretarako sistema indarkeria matxista mota guztietara zabalduko da. Modu horretan, bikotekideengandik, bikotekide ohiengandik edota familia kanpoko norbaitengandik jasandako erasoen biktimei ez ezik, sexu esplotazioaren biktimei ere arreta eskainiko zaie.
-Indarkeria matxista gertutik bizi duten adingabeek babes gehiago izango dute. Legeak indarkeria matxistaren biktimatzat eta indarkeria matxistatik bizirik atera diren biktimatzat jotzen ditu.
-Biktimen erreparazio-eskubidea aitortuko da. Era berean, biktimentzat laguntza ekonomiko berri bat aurreikusten du, lehendik daudenekin bateragarria, ebazpen judizial bidez ezarritako kalte-ordainak ordaintzen ez diren kasuetarako.
-Salaketaren zentraltasuna eta emakumeen aurkako indarkeriaren ikuspegi polizial-judiziala gainditzera joko du. Hala, neurrien erdigunean kokatzen dira biktimen eta bizirik atera direnen eskubideak eta ahalduntzea, prozedura judizialean duten inplikazio- edo lankidetza- maila edozein dela ere.
-Legeak berdintasunaren alorreko derrigorrezko prestakuntza mailakatu eta iraunkorra aurreikusiko du administrazio publikoetako langile guztientzat. Bereziki, emakumeen aurkako indarkeria matxistari erantzuteko lanetan ibiltzen diren langileentzat, hasierako eta etengabeko prestakuntza nahitaezkoa.
-Indarkeriaren detekzio goiztiarreko sistemak hobetuko dira, hezkuntza-, osasun-, polizia-, epaitegi-, lan- eta gizarte-arloetako profesionalentzako protokolo eguneratuen bidez.
-Ikerketa areagotuko da eta indarkeriari buruzko datuen erregistroa eta hedapena hobetuko dira. Berdintasunerako Behatokia sortzea ere planteatu da, ikuspegi globala eta iraunkorra izateko.
-Hezkuntza maila guztietan jokabide biolentoen prebentzioa arautuko du administrazioak, bereziki, adingabeenganako sexu abusuak saihesteko.
-Indarkeria matxista kasuetan, indar polizialek babes neurriak hartuko dituzte biktimek salaketarik jarri nahi ez badute ere. Artxibatuta dauden kasuetan, indarkeria arriskua atzeman ezkero, gauza bera egingo dute.
-Sektore publikoak gardentasuna bermatu beharko du, soldatei dagokienez.
-Sektore pribatuan ere, diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten kasuetan, gardentasuna bermatu beharko dute, gizon eta emakumeen soldatak parekatuta.