Gizartea -

GERRA UKRAINAN

150 plazako gune bat prestatu du Jaurlaritzak Irunen Ukrainatik datozen pertsonak hartzeko

Zentro hori premiazko harrera-gunea izango da, eta handik Berrizen, Oñatin eta Tolosan berrantolatzen ari diren guneetara bideratuko dira errefuxiatuak.

errefuxiatuak Ukrainan. Irudia: EFE
errefuxiatuak Ukrainan
errefuxiatuak Ukrainan. Irudia: EFE

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 150 plazako gune bat prestatu du Irunen, Ukrainako errefuxiatuak hartzeko. Zentro hori premiazko harrera-gunea izango da, eta handik Berrizen, Oñatin eta Tolosan prestatutako zentroetara bideratuko dituzte.

Hala baieztatu du Xabier Legarreta Jaurlaritzako Immigrazio eta Asiloko zuzendariak, Ukrainako errefuxiatuei Euskadin egingo zaien harrerari buruz erabakitzeko astearte honetan egin den erakunde arteko mahaiaren ostean.

Legarretak azpimarratu duenez, euskal gobernuak konpromisoa hartu du beste behin, eta laguntza eskaini du Ukrainan gerratik ihesi doazen pertsonei harrera egiteko. "Herri erantzuna antolatzeko unea da, hau da, guztion arteko erantzun ordenatu eta koordenatu bat eman behar dugu", esan du.

Horretarako, 150 plaza izango dituen gune bat prestatu da Irunen, premiazko harrera-gune gisa balioko duena, eta handik Berrizen, Oñatin eta Tolosan prestatutako zentroetara bideratuko dira pertsonak. "Hain zuzen ere, hiru zentro horiek berrantolatzen ari gara, Ukrainatik datozen pertsonak epe ertain eta luzera hartzeko prest egoteko".

Era berean, Immigrazio eta Asiloko zuzendariak adierazi du pertsona asko ari direla gerratik ihesi doazen familiei harrera egiteko prest. "Elkartasun horri ere erantzun bat eman nahi diogu", adierazi du. Horretarako, helbide elektroniko bat jarri da abian: errefuxiatuak@euskadi.eus.

Bestalde, hainbat elkarte Ukrainarako dirua eta premiazko tresnak, arropa, janaria, sendagaiak eta material medikoa biltzen ari dira Euskadin. Lau bilketa-puntu ezarri dira Gasteizen, Irunen, Bilbon eta Donostian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Errefuxiatuak azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra