Gizartea -
EUSKADI-UKRAINA
Nola lagundu Ukrainari Euskaditik?
Hainbat elkarte Ukrainarako dirua eta premiazko tresnak, arropa, janaria, sendagaiak eta material medikoa biltzen ari dira. Lau bilketa-puntu ezarri dira Gasteizen, Irunen, Bilbon eta Donostian.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Euskadin ukrainarrei laguntzeko dagoen elkarte bat dirua biltzen ari da, baita premiazko tresnak, arropa, janaria, sendagaiak eta material medikoa ere, Errusiaren eraso militarra jasaten ari diren herrialde horretako herritarrei laguntzeko. Bilketa-puntu batzuk ezarri dituzte Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Irunen.
Sare sozialen bidez zabaldutako mezu baten bidez zer material behar diren zehaztu dute, besteak beste, higiene-produktuak, pixoihalak eta haurtxoentzako eta haurrentzako beste tresna batzuk eta hotzari aurre egiteko hainbat jantzi eta material: barruko arropa termikoa eta galtzerdi termikoak, lo-zakuak, tapakiak, esterak, gorputz-berogailuak, botila termikoak, labetxoak, mota guztietako elektrizitate-sorgailuak, kandelak, linternak eta pilak.
Janari-latak, barratxo energetikoak eta iraungitzen ez den beste edozein elikagai ere nahi dituzte Ukrainara bidaltzeko. Horrez gain, beste material batzuk ere eskatu dituzte, hala nola bendak, mantal kirurgikoak, musukoak eta paketatzeko kartoizko kutxak.
Hori guztia bidaltzeko hainbat bilketa-gune jarri dituzte:Erandion, Zaratamon, Bilbon, Gasteizen, Laudion, Donostian, Astigarragan, Irunen, Eibarren eta Santanderren.
Gainera, dohaintza ekonomikoak jasotzeko kontu-korronte zenbaki bat jarri dute.
Chernobil Elkarteak, bestalde, dirua biltzeko kanpaina bat abiarazi du Ukrainarentzat, "erradiazioa eta, orain, gerra" lelopean, Txernobylgo eta Ukrainako baliabiderik gabeko haurrei eta haien familiei zuzenduta.
Bestalde, Eroskik premiazko kanpaina abiatu du astearte honetan bere saltoki guztietan, gerragatik kaltetutako ukrainar guztiei laguntza emate aldera. Hala, bezeroek borondatezko diru-laguntza eman ahalko dute erosketak ordaintzeko orduan.
Eroskik bildutako diru guztia Unicefek jasoko du Ukrainako haurrei eta haien sendiei laguntzeko.