Gizartea -
Indarkeria matxista
Barakaldoko taldeko sexu-erasoagatik atxilotutako bi gizonak, Basauriko espetxera
Arratsaldean, ertzain-etxean eginbideak bukatutakoan, epailearen aurrera eraman dituzte biak, eta epaileak Basauriko kartzelara bidali ditu. Ertzaintzak zabalik du ikerketa, eta beste bi gazte ikertzen ari dira.
Agentziak | EITB Media
Igandean atxilotutako 20 eta 23 urteko bi gizonak espetxera bidali ditu epaileak, Barakaldoko (Bizkaia) taldeko sexu-erasoan parte hartzea egotzita.
Beste bi gizon ikertzen ari dira bortxaketarekin zerikusia dutelakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Igande arratsaldean atxilotu zituen Ertzaintzak, Barakaldoko Udaltzaingoarekin lankidetzan. Taldeko sexu-erasoan parte hartzea leporatzen diete espetxeratuei. Bortxatu ondoren, lapurreta egin zioten biktimari.
Arratsaldean, ertzain-etxean dagozkion eginbideak bukatutakoan, epailearen aurrera eraman dituzte biak, eta epaileak Basauriko kartzelara bidali ditu.
Ertzaintzak zabalik du ikerketa, eta beste bi gazte ikertzen ari dira.