Gizartea -
Lehen fasea
38.654 pertsona, horietako % 83 emakumeak, Osakidetzaren lan eskaintza publikora aurkeztuko dira
Hautaprobak udaberri amaieran edo uda hasieran egingo dituzte. Iragan ostegunean izena emateko epea amaitu zen. Bigarren faseko oinarriak ixten ari dira, eta azterketak urte bukaeran egitea espero dute.
Agentziak | EiTB Media
Guztira, 38.654 pertsona, horietako % 83 emakumeak, aurkeztuko dira Osakidetzaren 2018-2019 lan eskaintza publiko deialdiaren lehen fasera. 1.610 lanpostu eskainiko dituzte, eta hautaprobak udaberri amaieran edo uda hasieran egingo dituzte.
Iragan ostegunean izena emateko epea agortu zen. Urtarrilaren 25etik zabalik egon da izena emateko epea bide telematikoen bidez zein aurrez aurre.
Deialdiaren aurreneko fasean Lehen Arretako espezialitateei lehentasuna eman nahi izan die Osasun Sailak, lanpostuak egonkortzeko asmoarekin.
1.320 pertsona familiako mediku 332 lanpostuetara aurkeztuko dira, eta 208 pediatriako 52 lanpostuetara. Hala ere, erizain postuak izango dira jende gehien elkartuko dutenak; izan ere, 15.006 pertsona lehiatuko dira hautaprobetan, eta soilik 830 lanpostu dira. Bestalde, gizarte-langile 13 lanpostu eskainiko dira, eta 1.741 profesionalek izena eman dute.
Era berean, 54 emagin, 10 terapeuta okupazional eta 10 logopeda lanpostu eskainiko dituzte hautaprobetan.
Osakidetzak ohar batean azaldu duenez, bigarren faseko oinarriak prestatzen ari dira. Guztira, 3.535 lanpostu eskainiko dituzte, eta azterketak urte bukaeran egingo dituzte.