Gizartea -

Epaiketaren lehen saioa

Gasteizko hilketa bikoitzaren egileak basakeriaz jokatu zuela berretsi dute herri akusazioak eta partikularrak

Fiskaltzak 50 urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetuarentzat, bi hilketa delitu egotzita. Gainera, ahaidetasunaren eta generoraren larrigarriak ezarri dizkio.

Epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE
Epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE
Epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018an Gasteizen emazte eta amaginarreba ohiak hiltzeagatik auzipetutako gizonak epaiketaren lehen saioan esan du "burua pixka bat joan zitzaiola, labana atera zuela eta gertatu behar ez zena gertatu zela". Arabako Lurralde Auzitegian ari dira epaitzen gizon hori. Fiskaltzak 50 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, bi hilketa delitu egotzita. Gainera, ahaidetasunaren eta generoraren larrigarriak ezarri dizkio.

Herri akusazio gisa aurkeztu den Clara Campoamor elkarteak, berriz, 60 urteko zigorra eskatu du, bi delituetan basakeriaren larrigarria gehituta. Biktimaren familiaren abokatuak, bestalde, 55 urteko kartzela galdegin du. Honek ere basakeriaren larrigarria gehitu dio zigorrari. 8 urtera jaitsi nahi du zigorra, aldiz, auzipetuaren defentsak, zeinak bi delitu leporatzen dizkion, baina aldi bateko buruko gaixotasunaren aringarria ezarrita.

Epaiketaren lehen saio honetan, abokatuaren galderei soilik erantzun die akusatuak. 2017an banandu ostean, seme-alaben pentsioagatik emazte ohiarekin ika-mika izan zuela esan du auzipetuak, eta horrek depresioa eragin ziola. Ondorioz, bajan egon zela eta bere buruaz beste egiten saiatu zela ere adierazi du.

Esandakoaren arabera, gauza batzuen bila joan zen bikote ohiaren etxera hilketa gertatu zen egunean. Han, eskaileran, emazte ohiarekin eta haren amarekin sesioa izan zuen, "bultza egin zidaten eta lanera beti eramaten dudan labana atera nien". Depresioagatik bajan egon arren, labana gainean zeramala aitortu du, bere buruari min egiteko asmoz zebilela arrazoituta.

Nolahai ere, Fiskaltzaren idatziak jaso duenez, auzipetuak ezin izan zuen jasan emazteak harremana hautsi izana, ezta amaginarreba bere alde agertu ez izana ere.

Hori dela eta, bi emakumeak hiltzea erabaki zuen. Fiskaltzak gaurkoan aurreratu du epaiketan zehar frogatu egingo duela genero arrazoiengatik hil zituela biak, eta jakin bazekiela zer egiten ari zen. Gertaera "mingarri" horren ostean biktimen familiak lurra jo zuela ere nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa