Gizartea -
Hilketa matxista bikoitza
Abian da Gasteizen emazte eta amaginarreba ohiak hiltzeagatik auzipetutako gizonaren aurkako epaiketa
Epaimahaia eratu ostean, auzipetuak berak eta lau lekukok hartuko dute hitza lehenengo saio honetan. Aurreikusitakoaren arabera, martxoaren 9an edo 10ean bukatuko da epaiketa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arabako Lurralde Auzitegia gaur hasi da 2018ko apirilaren 20an, Gasteizen, emazte eta amaginarreba ohiak hiltzea egotzita auzipetutako gizona epaitzen. Fiskaltzak 50 urteko kartzela-zigorra eskatu du harentzat.
Epaimahaia eratu ostean, auzipetuak berak eta lau lekukok hartuko dute hitza lehenengo saioan. Aurreikusitakoaren arabera, martxoaren 9an edo 10ean bukatuko da epaiketa.
Hain zuzen ere, azpikeriaz egindako bi hilketa delitu egotzi dizkio Fiskaltzak auzipetuari. Ahaidetasunaren eta generoraren larrigarriak ezarri dizkio, gainera. Hori horrela, guraso-agintea kentzea eta seme-alabei zein biktimen gertuko senideei 1.220.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du.
Akusazio partikularrak, bestalde, 55 urteko espetxe-zigorra galdegin du, eta herri-akusazioak, Clara Campoamor Elkarteak, 60 urtekoa.
Fiskaltzaren arabera, auzipetuak ez zuen onartu emazte ohiak bikote-harremana hausteko hartutako erabakia, eta etxetik alde egin zuenetik haren mugimendu guztiak kontrolatzen aritu zen, bereziki, beste gizonen batekin zegoen jakin nahian ibili zen".
Ministerio Fiskalak zehaztu du amaginarreba ohiari behin baino gehiagotan deitu ziola, bere alde egin zezan.
Halaber, zenbait ezaguni aitortu omen zien emazte ohiari, seme-alaben bidez, min egiteko asmoa zeukala. Hilketa gertatu baino egun batzuk lehenago, emazte eta amaginarreba ohiak hil egingo zituela ere esan omen zien.
Apirilaren 19an egin zuen lehenengo ahalegina, baina ez zituen etxean aurkitu, eta, hori dela eta, hurrengo egunean berriro bertaratu zen biak hiltzeko asmoarekin, eta halaxe egin zuen.