Gizartea -
Trafikoa
Honakoak dira indarrean sartuko diren Trafikoaren legearen berritasunak
Zer aldatuko da errepideetan martxoaren 21etik aurrera? Hauek dira kontuan izan beharreko arau berriak.
Mikel Dominguez | EITB Media
Martxoaren 21etik aurrera, Espainiako Estatuko errepideetan arau berriak aplikatuko dira. Kongresuak abenduan onartu zuen Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Legearen erreforma. Honakoak dira kontuan izan beharko ditugun berritasun garrantzitsuenak.
Agian, berritasun nagusia, eta polemika handiena sortu duena, beste ibilgailu bat aurreratzean abiadura-muga gainditzeko debekua da. Orain arte, aurreratzen ari ziren ibilgailuak baimendutakoa baino 20 km/h azkarrago joan zitezkeen, baina aurrerantzean ezingo da errepidearen abiadura-muga gainditu, ezta aurreratzeko ere.
Txirrindulariak gehiago babesteko, horiek aurreratzean 1,5 metroko segurtasun-distantzia ez errespetatzeak 6 puntu galtzea ekarriko du martxoaren 21etik aurrera.
Bestalde, zigor bera jasoko dute errepidera suteak edo istripuak eragin ditzaketen objektuak botatzen dituztenek. Gogorrago zigortuko dute, beraz, leihotik zigarroa botatzea.
Era berean, gidatzen ari garen bitartean eskuan telefono mugikor bat izateak ere 6 puntuko galera ekarriko du.
Segurtasun-uhala modu egokian ez erabiltzea 4 puntuko galerarekin zigortuko dute. Zigor bera jasoko dute umeak atxikitzeko sistemak erabiltzen ez dituztenek.
Ziklomotorrei dagokienez, kaskoa eta babesak erabiltzen direla ziurtatzeko, modu egokian ez erabiltzeak 4 puntuko galera ekarriko du. Komunikaziorako haririk gabeko gailuak baimenduta egongo dira, betiere homologatuta badaude.
Arau berriek errepideetako zaintza- eta kontrol-sistemetan izaten diren interferentziak ere zigortuko dituzte. Debekatuta egongo da radarren inhibitzaileak eramatea, konektatuta ez badaude ere. 3 puntuko zigorra ekarriko dute.
Txirrindulariek hirietan izaten dituzten arazoei aurre egiteko, bidegorri batean aparkatzea arau-hauste larritzat hartuko da.