Gizartea -

koronabirusa

Modernaren txertoa 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzat onartzea gomendatu du EMAk

Adin horretako haurrengan, Modernaren txertoaren dosia 12 urtetik gorakoei ematen zaiena baino txikiagoa izango da.

Haurren txertaketa. Artxiboko argazkia: EITB Media
Haurren txertaketa. Artxiboko argazkia: EITB Media
Haurren txertaketa. Artxiboko argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Sendagaien Agentziako (EMA) Giza Erabilerarako Sendagaien Batzordeak (CHMP) gomendatu du Modernaren covid-19aren aurkako txertoa 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzat zabaltzea.

Adin horretako haurrengan, Modernaren txertoaren dosia 12 urtetik gorakoei ematen zaiena baino txikiagoa izango da (50 ug, 100 ug-ren parean). Talderik nagusienean bezala, besoaren goiko aldeko giharretan emango dute txertoa, lau asteko tartearekin.

6 eta 11 urte bitarteko haurrekin egindako ikerketa batek erakutsi zuenez, Modernaren txertoaren dosi baxuenarekiko (50 ug) erantzun immunitarioa 18 eta 25 urte bitarteko adin-taldean dosi altuenarekin (100 ug) behatutakoarekin alderatu daiteke, antigorputz mailaren arabera.

6 urtetik 11 urterakoen artean, albo-ondorioak 12 urtetik gorakoenen parekoak dira. Horien artean daude mina, injekzioaren lekuan gorriunea eta hantura, nekea, buruko mina, hotzikarak, goragalea, okadak, beso azpiko gongoilen hantura edo sentikortasuna, sukarra eta gihar eta artikulazioetako mina. "Efektu hauek arinak edo moderatuak izan ohi dira, eta txertatu eta egun gutxira hobetu egiten dira", argitu du EMAk.

Ikerketek azaldu dutenez, Modernaren eraginkortasuna eta segurtasuna "parekoak" dira 6 urtetik 11 urterainoko haurrengan eta helduengan. Hori dela eta, CHMPk ondorioztatu zuen Modernaren txertoaren onurek adin-talde horretan "arriskuak gainditzen dituztela, bereziki covid-19 larriaren arriskua areagotzen duten baldintzak dituztenengan".

Edonola ere, europar erakunde araugileak argitu du txertoaren segurtasuna eta eraginkortasuna "gertutik jarraituko" dituztela, haurrengan, zein helduengan, "EB barneko Estatuetako txertaketa-kanpainetan erabiltzen jarraitzen duten heinean".

Orain, CHMPk Europako Batzordeari bidaliko dio gomendioa, bertatik igorri behar baitute azken erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Umeak albisteak Txertoak azken ordukoa Koronabirusa olatu berria