Gizartea -
Haurdunaldiaren etenaldia
Hauxe da Abortuaren Legea erreformatzeko Berdintasun Ministerioak egindako proposamena
Irene Montero ministroak proposamenaren nondik norakoak azaldu ditu Kongresuko Berdintasun lantaldean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak Abortuaren Legearen gakoetako batzuk aurreratu ditu asteazken honetan, Kongresuan. Besteak beste, hauek izango dira lege berriko berritasunetako batzuk: 16 urtetik gorako emakumeek baimenik gabe eten ahalko dute haurdunaldia, hiru eguneko "hausnarketa" epea desagertu egingo da eta kontzentzia-eragozle diren profesionalen errolda bat sortuko da.
Behe Ganberako Berdintasun lantaldean egindako agerraldian, Monterok adierazi du Gobernuaren beharra "osasun publikoan abortatzeko eskubidea blindatzea" dela.
Zeregin horretarako, Gobernuak telefono zerbitzu espezializatu bat sortuko du sexu eta ugaltze eskubideen inguruan informatzeko. Prozesuan zailtasunik izanez gero, telefono zerbitzu horretan euren eskubideak non eta nola gauzatu jakin ahalko dute emakumeek.
Gainera, ministroak nabarmendu du 16 eta 18 urte arteko emakumeek "modo autonomoan" erabaki ahalko dutela abortatzea. "Lan egin badezakete edota sexu-harremanak izan baditzakete, euren gorputzen inguruan ere erabaki dezakete", azpimarratu du.
Halaber, praktika zentro publikoetako ginekologia eta obstetrizia zerbitzuetan bermatzeko asmoa dute. Horretarako, "kontzientzia-eragozpenerako eskubide konstituzionala zintzotasunez" errespetatuko dute, baina "emakumeek euren gorputzen gainean erabakitzeko duten eskubidea zehatz-mehatz bateragarri eginez", erantsi du.
Horregatik, Eutanasiaren Legearen testua (dagoeneko onartuta dago) oinarri hartzea proposatu du Ministerioak, mediku objektoreen zerrenda bat aurreikusten baitu.
Haurdunaldia eteteko metodoa emakumeak erabakiko duela esan du Monterok. Horretarako, erabakia hartu ahal izateko beharrezko informazioa emango diote osasun zentroan. Gainera, gutuna (erabakiaz gogoeta egitea eskatzen zaie bertan) jasotzeak derrigorrezkoa izateari utziko dio; emakumeek eskatzen dutenean soilik emango zaie.
"Abortua aurrera eramatea erabakitzen duen emakume orok inolako oztoporik eta kalterik gabe egin behar du", azaldu du.
BESTE NEURRI BATZUK
Bestalde, araudian sartuko dituzten beste neurri batzuk azpimarratu ditu Monterok, hala nola sexu eta ugalketa osasunaren arretan hobekuntzak, amatasun baimenaren aitortza erditzea baino lehen eta indarkeria ginekologikoa prebenitzeko ekintzak.
"Osasun menstruala estandar erabakigarria izango da emakumeen osasunean", esan du ministroak, eta bermatzea "Estatuaren eta botere publikoen betebeharra" izango da. Horretarako, emakumeen oinarrizko beharretarako produktuek "ikaragarri garestiak izaten jarraitzea" eta kontrazepzioaren erantzukizuna beti emakumeek hartzea aztertuko dituzte.