Gizartea -
Esklusiba | Abusuak adingabeei
Bermeoko abusuen ustezko egileak ukatu egin ditu akusazioak: "Frogarik gabe, zurrumurruak baino ez dira"
Asier Sanchez kazetariak Bermeoko Jose Done ikastetxeko zuzendari ohiarekin hitz egiteko aukera izan du. Duela 40 urte hainbat adingaberi sexu-abusuak egitea leporatzen diote.
EITB MEDIA
Asier Sanchez EITB Mediako kazetariak Bermeoko Jose Done ikastetxeko zuzendari ohia eta eskola horretan 70eko hamarkadan izan ziren sexu-abusuen ustezko egilea elkarrizketatu du.
Bermeoko ikastetxean gertatutako sexu-abusuen inguruan galdetuta ondorengoa erantzun du: "Asko sentitzen dut, ez zen nire asmoa, baina hau gehiegizkoa da".
Gaineratu duenez, Bermeoz aparteko oroitzapena du.
"Ez nintzateke ni izango, inola ere ez, asmakizunak dira", adierazi du. "Baten bat haurdun geratu dela esatea besterik ez zaizu geratzen", aurpegiratu dio kazetariari. "Gauza arrarorik egitea ez da sekula nire asmoa izan", erantsi du.
Bestalde, akusazioek froga oinarririk ez dutela aditzera eman du zuzendari ohiak. "Benetako froga irudiak izango lirateke, noski, gainerako guztia zurrumurruak dira", azpimarratu du.
Hala ere, "zerbait gertatu" dela onartu du, baina bera tartean nahasirik egotea ukatu du. "Honen aurka egingo dugu", esan du, ausaz egokitu zaiolakoan.
"Salaketa aurkeztu baino lehen nirekin hitz egin", eskatu die biktimei. Gainera, salaketak testuinguru zehatz baten barruan kokatu ditu: "giroa horixe da orain".
Gaur egun, Madrilen bizi da, Menesianoen Kongregazioaren egoitza batean. 90 urte ditu, baina osasuntsu dago. Ia egunero ateratzen da ibiltzera eta inguru parke batean ariketa fisikoak ere egiten du.
EITB Mediak astelehenean atera zuen argitara Bermeoko Jose Done ikastetxean hainbat adingabek sexu-abusuak pairatu zituztela 70eko hamarkadaren amaieran. Salaketen berri izan ostean, Bilboko Elizbarrutiak ikerketa bat abiatuko zuela iragarri zuen, eta atzo Menesianoen ordenak sexu-gehiegikeriak gaitzetsi zituen eta biktimei barkamena eskatu zien eragindako sufrimenduagatik.