Gizartea -
Abusuak adingabeei Bermeon
Zupiria: "Testigantza horiek zirrara eta egonezina sortzen dizkigute"
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du badaudela beste herrialde batzuetan tankerako gehiegikeriei aurre egiteko "modu eredugarriak" eta horien aldekoa dela Jaurlaritza bera. Horretarako, baina, ezinbestekoa da jasandakoa salatzea.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aitortu duenez, Bermeoko (Bizkaia) Jose Done ikastetxean izandako sexu abusuen testigantzek "zirrara eta egonezina" sortzen dizkiote gobernuari. Gutxienez bost lagunek duela 40 urte pairatutako abusuak EITBk egindako ikerketa bati esker azaleratu dira.
Hain justu, pederastia kasu horien inguruan galdetu diote eledunari gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Zupiriaren iritzian, biktimek "eskubide osoa" dute gertatu zitzaiena jakin dadin, baita "sendatze eta onespen bide bat" jasotzeko. Horren ildotik, nabarmendu du ezinezkoa dela sendatzea kasuak behar bezala ezagutzen ez badira.
Antzeko kasuen aurrean, munduko beste herrialde batzuetan izan duten "modu eredugarriak" aipatu ditu Jaurlaritzako bozeramaileak, eta bide horretan aritzeko prest azaldu da.
Horren ildoan, kontatzeaz gain, pertsona horiek jasandakoa Ertzaintzaren aurrean salatzea ezinbestekotzat jo du, justiziak bere lana egin dezan.