Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid-19ak Euskadin eragindako heriotzen kopuruak oso altua izaten jarraitzen du: 84 pertsona astebetean
14 eguneko intzidentzia metatuak jaisten jarraitzen du, eta 741,42 kasukoa da. Ospitaleetako okupazioa behera egiten ari da poliki-poliki, eta R0 indizea, berriz, gora.
Naiara Ballesteros | EITB Media
Covid-19ak Euskadin hildako pertsonen kopuruak altua izaten jarraitzen du, 84 pertsona hil baitira otsailaren 14tik 20ra bitarteko astean. Hala ere, astebete lehenago izandako 108 heriotzen azpitik dago.
Osasun Sailak pandemiaren datuak eguneratu ditu astelehen honetan: 100.000 biztanleko 14 eguneko 741,42 kasuko intzidentzia metatua izan da, eta astebete lehenago, berriz, 1.393,32 kasukoa zen.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak du adierazle onena (701,37 kasu), eta Araba (708,41) eta Gipuzkoa (796,99) daude ondoren.
Igande honetan, 417 kutsatu atzeman dituzte, duela zazpi egun atzemandako 688 positiboen azpitik. Hala ere, 2.884 proba diagnostiko egin dituzte, eta positibotasun-tasa % 14,5era jaitsi da. Asteko kutsatzeen kopuruak ere erdira jaitsi dira, aurreko asteko datuekin alderatuta; izan ere, zazpi egun horietan 5.888 kutsatu zenbatu dituzte, eta aurrekoan, berriz, 10.421.
7 eguneko intzidentzia-tasa metatuak (epe laburragora covid-aren bilakaera adierazten du) behera egiten jarraitzen du, eta 267,67 kasu daude 100.000 biztanleko, duela astebete 473,7 kasu izan ondoren.
Era berean, gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen kopurua duela astebete baino txikiagoa da, 374tik 273ra jaitsi baita, eta atzo duela astebete baino bederatzi pertsona gutxiago zeuden zainketa intentsiboetako unitateetan, 65 baitzeuden.
Aldiz, R0 indizea neurtzen duen birsorkuntza indizeak gora egin du hirugarren egunez jarraian, eta 0,75ean dago, aurreko asteko 0,69aren gainetik, eta '1' baliora hurbiltzen ari da (hortik aurrera, pandemia hedatzen ari dela uste da). Araban (0,63) Gipuzkoan (0,76) eta Bizkaian (0,78) baino txikiagoa da R0 indizea.