Gizartea -
Transexualitatea
Trans Legearen erreforma bultzatu dute Legebiltzarrean EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiek
Lege horrek helburu du pertsona transexualen eskubideak bermatzea, nork bere beharrizanetara egokitutako erabateko arreta jaso dezan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Trans Legea berritzeko akordioa adostu dute Eusko Legebiltzarrean. Transgenero eta transexual komunitatearekin hitzartutako itunean oinarrituta berrituko dute legea, "eskubideak eta bermeak zabaltzea" helburu izanik.
Ohar batean, Jaurlaritzak jakinarazi du dagoeneko aurkeztu dutela testua Legebiltzarrean, genero identitateagatik bereizkeriarik ez sortzeko eta pertsona transexualen eskubideak aintzat hartzeko.
Gogoratu dutenez, 2012an Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan zen genero arrazoiengatik bereizita sentitzen zirenen eta transexualen eskubideen defentsan.
Gainera, 2019an, nork bere identitateari buruz erabakitzeko eskubidearen eta despatologizazioaren aldeko lehen erreforma onartu zuten. "Aurten, transexual eta transgenero komunitatearen aldeko taldeekin elkarlanean, legea erabat aldatuko dugu, pertsona horien bizi-baldintzak hobetze aldera, eta erakunde publikoak haien beharretara egoki daitezen", esan dute.
Jeltzaleek eta sozialistek adierazi dutenez, "egindako bide luzea eta emandako aurrerapauso garrantzitsuak gorabehera, oraindik ere traba asko daude".
"Borroka ez da hemen bukatuko. Gizarte adeitsua behar dugu, eta horretarako egunero borrokatu beharra dago. Ezin diogu erne egoteari utzi, berdintasunaren alde eta bereizkeriaren aurka lan handia egin badugu ere, oraindik zenbait arlotan ez dituzte eskubideak bermatuta", nabarmendu dute Iñigo Iturrate (EAJ) eta Gloria Sanchez (PSE-EE) sinatzaileek.
Transexualitateari lehen arreta
Osasun arloan, zerbitzuen hazkundea aurreikusi dute, aurrerapauso zientifikoetara egokitzeko. Hartara, sei hilabeteko epean, transexualitateak lehen arreta zerbitzua izango du. Gutxienez, EAEko lurralde bakoitzak zerbitzu bat izango du.
Hezkuntza arloan, berriz, bereizkeriari aurre egiteko protokoloak garatuko dituzte, eta formakuntza berezia eskainiko diete pertsona transexualak dauden zentroetan irakasleei, administrazio langileei, familiei eta ikasleei.