Gizartea -

zientzia

François Gros frantziar biologoa hil da, RNA mezularia aurkitu zutenetako bat

"Erabakigarria" izan zen genearen funtzionamendua deskodetzen egin zuen ekarpena, bidea ireki baitzuen covid-19aren aurkako txertoetako batzuetan erabiltzeko.

Covid-19aren aurkako txertoetako batzuk RNA mezulariaren bitartez garatu dituzte. Argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertoetako batzuk RNA mezulariaren bitartez garatu dituzte. Argazkia: EFE
Covid-19aren aurkako txertoetako batzuk RNA mezulariaren bitartez garatu dituzte. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Gros frantziar biologoa, besteak beste RNA mezulariaren aurkikuntzan parte hartu zuena, ostiralean hil zen, 95 urte zituela, igande honetan Frantziako Zientzien Akademiak jakitera eman duenez.

Akademiak haren biografian aipatzen duenez, "erabakigarria" izan zen genearen funtzionamendua deskodetzen egin zuen ekarpena, bidea ireki baitzuen teknologia hori covid-19aren aurkako txertoetako batzuetan erabiltzeko.

Grosek 1945ean hasi zuen bere jarduera bekadun gisa Ikerkuntza Zientifikoen Zentro Nazionalean. Bertan, ikerkuntza zuzendari eta zuzendaritzako kide izatera iritsi zen, eta bere ibilbidean, halaber, Pasteur Institutuko zuzendari nagusi izana nabarmentzen da.

Parisko biologoari genearen funtzionamenduak eta erregulazioak sortu zion interesa hasieratik, eta 1961ean lehen aldiz eman zituen ezagutzera "mezulari" izeneko azido ribonukleikoak (RNA), kromosometako informazioa proteinak sortzeko makineriara garraiatzen dutenak.

Akademiaren arabera, Jacques Monod eta François Jacobekin batera egindako lan horri esker zehaztu ahal izan zuten bakterioen funtzionamendu genetikoaren erregulazioa maila molekularrean nola gauzatzen den, "kanpo estimuluen" eraginpean.

Monodek, Jacobek eta André Lwolffek Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria eskuratu zuten 1965ean.

Pandemiak gaurkotasuna eman zion berriro haien aurkikuntzari; izan ere, Pfizer eta Modernaren txertoak azido ribonukleziko mezulariaren (mRNA) bitartez garatu dituzte. Abangoardiako teknologia da, azido ribonukleiko mezulari horietan oinarritutakoa, eta zelulei zenbait proteina sorrarazten dieten instrukzio edo molekulak gorputzean txertatzea baimentzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Txertoak egutegia COVID olatu berria