Gizartea -
Sexu-gehiegikeriak elizan
Bilboko Elizbarrutia 20 adingaberen aurkako abusuak ikertzen ari da
Elizak berak osatu duen Adingabeen aurkako Abusuen Babeserako eta Prebentziorako Batzordeak jasotako kasuak dira, eta informazioa instantzia publikoetara zabaldu dute.
agentziak | eitb media
Bilboko Elizbarrutian osatutako Adingabeen aurkako Abusuen Babeserako eta Prebentziorako Batzordeak 20 adingaberen kontrako sexu-gehiegikerien berri jaso du, eta ikerketa abiatu du. Elizbarrutiko sei apaiz daude ustezko erasotzaileen artean.
Bilboko Elizbarrutiak jakitera eman duenez, gaurko mezetan adingabeen aurkako sexu-gehiegikerien inguruan jasotako salaketen berri eman dute Bizkaiko parrokietan.
Elizak kasuak ikertzeko, biktimei konponketa eskaintzeko eta ardura bere gain hartzeko prestutasuna agertu du agiri batean.
"Guztiaren gainetik, gure egiten dugu gertatutakoaren ardura. Zabaldutako arazo bat izateak ez digu kentzen gizarte osoaren aurrean dugun betebehar morala", azaldu dute.
"Biktimei entzun nahi diegu, ikertu, konpondu, eta, bereziki, abusuak jasan dituztenen sufrimenduak eragindako zauriak sendatu, noiz gertatu zen kontuan izan gabe. Jasandako mina ez baita preskribatzen", gaineratu dute oharrean.
Gertatutakoa argitzeko jarri omen zuten martxan aipatu batzordea 2019an, eta orain arte 20 bat salaketa jaso dituzte.
Batzordea "beharrezko ikerketak" egiten ari da barne mailan, eta, kasu batzuetan, "ikerketen independentzia bermatzeko, kanpoko erakunde espezializatuen laguntza eskatu da".
Izan ere, barne mailan ez ezik, batzordea "instantzia publiko eta judizialetatik iritsitako eskaerei" erantzuten ari omen da.
Carlos Olabarrik, batzordearen zuzendariak, adierazi du "beranduegi" jokatzen ari direla, eta "ezkutatu, estali eta beste aldera begiratu" izan dutela.