Gizartea -
LAN-ISTRIPUA
37 urteko langile bat hil da Deustun, aldamio batetik erorita
Ertzaintzak baieztatu duenez, eraikin bateko seigarren solairutik erori da behargina eta tokian bertan zendu da. Osalanek ikerketa zabaldu du. Zortzi dira, dagoeneko, 2022an Euskal Herrian lan-istriputan hil direnak.
EITB MEDIA
Eraikuntzako 37 urteko langile bat hil da, gaur goizean, Bilboko Deustu auzoan izan den lan-istripuan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, eraikin bateko seigarren solairuan zegoen aldamio batetik erori da behargina, eta bertan zendu da.
Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko teknikariek ikerketa zabaldu dute, gertatutakoa argitzeko.
10:50 inguruan izan da ezbeharra, Blas de Otero kalean.
Dagoeneko, zortzi dira aurten Euskal Herrian lan-istripuen ondorioz hil diren beharginak.