Gizartea -
epaiketa
Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo ditu Jose Antonio Delgadoren hilketagatik akusatutako bi pertsonak
32 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak akusatu bakoitzarentzat, eta 200.000 eurotik gorako kalte-ordaina eman beharko diote biktimaren familiari.
agentziak | eitb media
Zinpeko epaimahai batek aho batez jo ditu errudun Mohamed A.D. eta Hedanegeline A.L., 'Badoo-ko banda' izeneko taldeko kideak; hilketagatik, indarkeriaz egindako lapurretagatik, atxiloketa ilegalagatik eta iruzurragatik. Hala iragarri du ostiral honetan epaimahaiko bozeramaileak, Zaragozako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak egindako epaiketaren ostean.
Epaimahaiak frogatutzat jo du 'Badoo-ko bandak' Jose Antonio Delgado hil zuela 2019an, 54 urteko Getxoko (Bizkaia) bizilaguna. Ebatzi dute azpikeriaz eta ankerkeriaz hil zutela, beste delitu bat deskubritu ez zedin.
Fiskalak 32 urteko espetxe-zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat eta 200.000 eurotik gorako kalte-ordaina eman beharko diote biktimaren familiari (gurasoak, semea eta neba-arrebak).
Akusazio partikularra, biktimaren familiaren izenean, hasierako eskaerari atxiki zaio, akusatuentzako 25 urteko zigor eskaera mantenduta, iruzurragatik. Defentsek, berriz, 20 urte eskatu dituzte erruduntasun epaiaren ostean, 2 urte indarkeriaz egindako lapurretagatik, 2 urte atxiloketa ilegalagatik eta sei hilabete, iruzurragatik.