Gizartea -

Elkarrizketa ETB-n

Sagardui: "Goizeko kirurgia guztiak berreskuratu ditugu, eta arratsaldekoak, % 80an"

Osakidetzari txerto kopuru handia iraungi ote zaion galdetuta, Osasun sailburuak esan du ez dutela stock handirik izan, eta ez dituztela galdu "adierazgarriak diren dosi adina".

Sagardui, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Sagardui, elkarrizketaren une batean.
''Txertatu gabeko haurren % 30 kutsatu da azken asteetan eta hauek itxaron egin behar dute txertatzeko''

2:02

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azpimarratu duenez, 6. olatuaren zartakoa hein batean gaindituta, Osakidetza ari da "apurka-apurka normaltasuna berreskuratzen", eta horren harira, aipatu du goizeko kirurgia guztiak berreskuratu dituztela, eta arratsaldekoak % 80an daudela.

Osasun sailburua ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan elkarrizketatu dute, osasun larrialdia bertan behera geratu eta lau egunera. Horren harira, Sagarduik aitortu du indargabetze horrek ez duela "egunerokotasuna aldatu" eta pandemiaren bilakera aztertzen jarraitzen dutela. Dena den, nabarmendu du "beheranzko bilakaera" badagoela eta horrek osasun sisteman eragina duela: "Beste erritmo batzuk berreskuratzen ari gara". Hori horrela, kirurgien eguneroko martxa gehiengo handi batean leheneratu dutela argitu du.

Gaurko buletinaren datuak ere aurreratu ditu, "beheranzko joera" horren erakusle. Nabarmendu duenez, ZIUetan dauden gaixoak % 20 jaitsi dira azken bi asteetan.

Lehen Arretan ere bide horretan doazela erantsi du. "Presentzialtasunean bagoaz gure normaltzera (...) Lehen Arretan estrategia bat geneukan pandemia baino lehen; pandemiak dena gelditu zuen, baina orain bide hori hartuko dugu berriro", esan du. Hala, eta gehiengo sindikalak deituta datorren asterako dauden grebak hizpide, Sagarduik honakoa bota du: "Egongo dira hobetzeko gauzak, baina susperraldiaren egoeran gaude, ez grebarenean".

Iraungitako txertoak

Mendebaldeko hainbat herrialdeetan covid-19aren kontrako txertoen iraungitzearekin izandako arazoak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izan ote diren galdetuta, Osasun sailburuak esan du Osakidetzak ez duela prestakin 'stock' handirik izan, eta "iraungarritasunarekin jolastu" duela. "Oro har, iraungi baino nahiko lehenago bidali ditugu 3. mundura (...) Guk ez ditugu galdu adierazgarriak diren dosi adina", argitu du.

6-11 urtekoen txertaketaren mailari (% 57k dosi bat du gutxienez) buruz, Sagarduik adierazi du azken bi hilabeteotan lehen dosia jaso duten umeen % 30 kutsatu dela, eta horiek "itxaron egin" beharko dutela. Nolanahi ere, onartu du gurasoengan "zalantzak" sortu direla, baina azpimarratu du Osasun Sailak "pedagogia egiten" jarraituko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gaixotasunak argazkiak Gizartea Telebista Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Egun on Euskadi Medikuntza albisteak Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak Maskarak covid-19