Gizartea -

Epaiketa

Gipuzkoako bortxatzaileak dozena bat botxaketa egin zituela egiaztatu du Ertzaintzak

Ikerketa egin zuten ertzainek orain arte ezagutzen ez ziren datuak eman dituzte: biktimetako bati bortxaketaren bideoa agindu ziola eta 2015etik eraso egiteko modua aldatu zuela, aldez aurretik erasoa antolatuz.

Auzipetutakoa, atzo Gipuzkoako Auzitegira heltzean. Argazkia: EFE
Auzipetutakoa, atzo Gipuzkoako Auzitegira heltzean.
Salatu diren baino eraso sexual gehiago egozten zaizkio Gipuzkoako serie-bortxatzaileari

1:31

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beasainen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) emakume bana bortxatu izana aitortu duen gizonak beste dozenaka sexu eraso egin zituela garbi du Ertzaintzak, kasu gehienak salatu ez baziren ere. Hala deklaratu dute gaur auzia ikertu zuten bi ertzainek, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian Lasarte-Orian gertatutako bortxaketaren harira atzo hasitako epaiketaren bigarren egunean.

Azaldu dutenez, Gipuzkoako serie-bortxatzaileak hainbat aldiz eraso zien bere biktimetako lauri (horietako bat, 10-12 bider) eta bortxaketak grabatu egin zituen. Are, bideotako bat musikarekin eta testuarekin editatu zuen, eta emakumeetako bati bidali zion.

Orain arte ezagutzen ez ziren datuak eman dituzte agenteek euren deklarazioan. Azaldu dutenez, gizona ikerketapean zuten 2012tik, baina 2019ra arte ezin izan zuten atxilotu. Urte hartan Beasaingo emakume batek egindako salaketari esker, auzipetuaren DNA lortu zuten agenteek, eta aurreko kasuekin lotu.

Atxilotu zutenean, bortxaketa ugariren argazki eta bideoak topatu zizkioten ordenagailuan. Irudiotan konorterik gabe eta biluzik ageri ziren biktimak. Dozena bat guztira.

Grabazio horiek etxebizitzetan grabatuta zeudenez, eraso egiteko modua aldatu zuela ondorioztatu zuten agenteek. Hasieran kalean egin zituen bortxaketak eta espraia erabilita indargabetzen zituen biktimak. 2015etik aurrera, baina, kloroformoa erabiltzeari ekin zion eta etxe barruetara pasatu zen.

Antza, berarekin lan egiten zuten gizonei giltzak lapurtzen zizkien, etxe horietan bizi ziren emakumeei eraso egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Lasarte-Oria Albisteak Sexu erasoak