Gizartea -

Koronabirusa

Ikasgeletan maskara kentzeko egutegia proposatu du Espainiako Pediatren Elkarteak

Otsail amaieran 6-8 urtekoekin hastea proposatu du, eta apurka-apurka, adinean gora egitea. Elkartearen arabera, prozesu horrek eredu gisa balio dezake deseskalatze orokor baterako.

Hainbat ume Donostiako eskola batean. Argazkia: EFE
Hainbat ume Donostiako eskola batean.
Hainbat ume Donostiako eskola batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pixkanaka-pixkanaka eta adinez txikienekin hasita, ikasgeletan maskara kentzeko egutegia proposatu du Espainiako Pediatren Elkarteak. Musukoa kentzearekin batera, aireztatze protokoloak indartzea eta txertaketa sustatzen jarraitzea beharrezkoa dela azpimarratu du elkarteak.

Elkarteak ohar batean azaldu duenez, unea iritsi da haurrei hezkuntza esperientzia normalizatu bat emateko, eta horretarako maskara apurka-apurka kentzea proposatu du. Lehen Hezkuntzako (LH) 1. eta 2. mailakoekin hastea izango litzateke asmoa, otsailaren 28an hasita.

Ondoren, martxoaren 14tik aurrera, maskararen derrigortasuna altxatuko lukete Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoen artean, eta bi aste geroago, martxoaren 28an, LHko 5. eta 6. mailakoen artean.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleei apirilaren 25ean helduko litzaieke txanda, eta Batxilergokoei, maiatzaren 9an, betiere pediatrek egindako proposamen horren arabera.

Deseskalatze orokor baterako eredu izan daiteke, diotenez

Espainiako Pediatren Elkarteak zabaldutako testuan dioenez, ikasgeletan dauden baldintzak oso egokiak izan daitezke deseskalatze orokor baterako eredu gisa erabiltzeko. Argudiatu dutenez, "azken bi urte hauetan frogatuta geratu da haurren artean kutsatze gutxiago daudela eta gutxiago gaixotzen direla".

Halaber, negatibo diren haurrei koarentena kentzearen alde agertu dira pediatrak. Horien ustez, "ez da koherentea haurrak zigortzen jarraitzea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Eskola Publikoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Umeak Txertoak Koronabirusa Maskarak