Gizartea -
Lantaldearen zirriborroa
Kristau Eskolak "aurrerapauso garrantzitsuak" ikusten ditu Hezkuntza Legearen zirriborroan
Itunpeko ikastetxeen % 47 eta 125 hezkuntza zentro ordezkatzen dituen elkartea euskara ardatz izango duen sistema eleanitzarekin konforme agertu da.
Agentziak | EiTB Media
Kristau Eskolak, Euskadiko itunpeko ikastetxeen % 47 biltzen dituen elkarteak, "aurrerapauso garrantzitsuak" ikusen ditu Hezkuntza Legearen zirriborroan. Bestalde, hezkuntza erabat doakoa izatea babestu du elkarteak.
Euskal Autonomia Erkidegoko 125 ikastetxe ordezkatzen dituen elkarteak uste du positiboa dela zentro guztiak, publiko zein pribatuak, bilduko dituen Hezkuntza Zerbitzu bakarra sortzea.
Era berean, hezkuntza zerbitzua "ikasleentzako % 100 doakoa izatea" babestu du, legearen helburuak betetzeko neurri "kontsekuente eta beharrezkoa".
Elkartea euskara ardatz izango duen sistema eleanitzaren alde agertu da, "DBH bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak menperatzen dituzten ikasle euskaldun eleanitzak" lortzeko helburuarekin.
Itunpeko ikastetxeek ikasleria "hezkuntza jardueraren erdian" kokatzeari garrantzia eman diote, eta zuzentasuna eta bikaintasuna "Hezkuntza Legearen nortasun ikurrak" izatea defendatu dute.
Azkenik, eragileen ekarpena kontuan izatea aintzat hartu du Kristau Eskola elkarteak. Aldi berean, "legea zehazteko orduan" eurekin elkarlanean jarraitzeko eskatu die alderdi politikoei.