Gizartea -
hezkuntza legea
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak segregazioa eta sare pribatua mantentzea kritikatu du
Eskola publikoaren aldeko plataformak uko egin die EAJk, PSEk eta EH Bilduk hezkuntza legerako adostu dituzten oinarriei.
agentziak | eitb media
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak "erabat" uko egin die EAJk, PSEk eta EH Bilduk hezkuntza legerako adostu dituzten oinarriei. Izan ere, lege berriak "ez dio segregazioari aurre egiten, eskola publikoa zokoratzen du eta pribatuaren finantzazioa areagotzen du".
Plataformak kaleratutako ohar batean, "etsipena" azaldu du aste honetan jasotako testuak ez duelako egindako "lau eskaeretatik bat bera ere jasotzen": eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean egotea, zentro pribatu eta itunpekoen finantziazioa mugatzea, maila sozioekonomikoan oinarritutako eskola-segregazioaren aurka borrokatzea eta euskaran murgiltze-eredua bultzatzea.
"Hortaz, akordio honek eskola publikoa zokoratzen du, ez dio segregazioari aurre egiten, sare pribatuan finantzazioa areagotzen du eta ez du murgiltze-linguistiko eredua unibertsalizatzen. Uneko egoera dagoen moduan uzten du, eta ez doa kohesioaren, berdintasunaren, justiziaren eta euskalduntzearen bidetik", adierazi du.
Hezkuntza legearen oinarriek Steilas, LAB eta CCOO sindikatuen eta eskola publikoko guraso elkarteen kritikak jaso izan dituzte. Ikastoletako patronalek eta zentro pribatu erlijiosoek, ordea, babestu egin dituzte.