Gizartea -
Sexu-gehiegikeriak
Sexu-abusuen 52 biktima eta 31 ustezko erasotzaile atzeman dituzte Nafarroako Eliza Katolikoan
Hamabi udalerritako 17 zentrotan izan ziren kasuak. NUPeko ikerketan azpimarratu dute "izebergaren punta" besterik ez dela hori.
agenTZIAK | eitb media
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Eliza Katolikoaren baitan Foru Erkidegoan egin diren sexu-gehiegikeriei buruz egindako ikerketak 52 biktima eta 52 ustezko erasotzaile atzeman ditu, eta "izebergaren punta" besterik ez omen da hori. Nafarroako Gobernuaren aginduz egin du ikerketa unibertsitateak.
Ikerketan agertzen denez, sexu-gehiegikeria kasuak 12 udalerritako 17 hezkuntza zentro edo erakundetan izan ziren, eta ustezko egileak zuzendari bat, 21 irakasle, fraide bat, bi apaiz, 3 erizain, 3 eskolako material edo gozoki saltzaile eta atezain bat dira.
Biktimen kasuan, txostenean 52 identifikatu dituzte, baina azken egunotan beste zazpi jarri dira harremanetan NUPekin. Hori horrela, Eduardo Santos Justizia kontseilariak lege ekimen baten alde egin du biktima izaera aitortzeko. Horretarako, Parlamentuan batzorde bat osatzea eskatu du, txosten bat egin dezan "biktimen esku konponketa justizia jartzeko".
Kontseilariak azpimarratu du Nafarroako Gobernuak "konpromiso irmoa" duela "biktimak babesteko, Giza Eskubideen defentsa eta sustatze testuinguru batean, inoren kontra egin gabe".
"Haur eta nerabeen aurkako krimen izugarri batzuk" direla salatu du, eta ikerketa "izebergaren punta" besterik ez bada ere, "esku hartzeko deia" egiten duela iritzi dio. Horregatik, uste du txostena pauso bat dela "egia aurkitzeko" eta "berriro gertatu ez dadin".
Profila
Mikel Lizarraga izan da txostenaren egileetako bat, eta azaldu du 43 biktima elkarrizketatu eta beste 9 identifikatu dituztela. "Oso lan zaila" izan dela aitortu du, "asko" kostatzen zaielako "biktima gisa identifikatzea".
Gehienek 8 eta 12 urte artean jasan zituzten sexu-gehiegikeriak, kasuren batean 5 eta 6 urte artekoak ere egon arren. Hori dela eta, denbora behar izan omen dute gertatutakoaren berri izateko, eta egia bilatzeko pausoak ematen ari direnako 60 eta 80 urte artean zituzten, eta interesa galdua.
Horren harira, ikerketaren egileak azpimarratu du biktimen ezaugarri nagusia "babes gisa ahanztura" erabiltzea dela, eta asko pelikula edo irudiren bat ikusi dutenean ohartu direla biktima izaeraz.
Lizarragak gaineratu du biktimen % 30 kasu larriekin lotuta daudela, penetrazioekin, felazioekin edo menperatze kimikoarekin (loa eragiteko produktuekin); % 58 maila ertaineko kasuak dira (genitalak ukitzea edo masturbazioa); eta gainerakoak, kasu arinak (musuak edo ukitze arinak).
Batzuk ez dute parte hartu nahi
Biktimen 10etik 9k esan omen dute ez zirela bakarrak izan hezkuntza zentroan, eta batzuk gehiegikeriak "orokorrak" izan zirela ikasgelan, baina gainerakoek ez dutela parte hartu nahi ikerketan.
Lizarragak uste du horrek agerian uzten duela txostenean Eliza katolikoaren gehiegikerien zati bat soilik islatu dutela. Horrekin batera, "biktima kopuruaren aldean" sexu-erasotzaileena "oso altua" izateak eta geografikoki biktimak oso banatuta egoteak "askoz gehiago" egongo direla pentsatzera eraman omen ditu.
Elizaren "eragina"
Txostena aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu du Maria Victoria Martinikorenak ere, eta Ursulinas ikastetxean jasan zituen abusuak deskribatu ditu. Salatu du elizaren "eragina" handia dela, eta bere kasuaren berri eman zuenean ikasle ohi talde batek gutun bat bidali zuela zentroa babesteko.
Bere kasuan mojak izan omen ziren sexu-gehiegikerien egileak, eta gogor gaitzetsi du hortaz ez hitz egitea "bortxaketak, tratu txarrak eta gehiegikeriak" egin diren arren.
Azaldu du mendekotasuna, autoestimu baxua eta maitasun gabezia ezaugarri garrantzitsuak direla "biktima zoragarria" izateko, "zurekin nahi dutena egiteko, edonolako tratu txarrak egiteko".