Gizartea -
PROTESTA
Deskargako bidesariaren kontrako manifestazioa egin dute Zumarragan eta Urretxun
Joan den urtarrilaren 18an jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak arku bidezko bidesaria A-636 errepidean, Beasain eta Bergara artean. Motoek izan ezik, gainerako ibilgailu guztiek ordaindu egin behar dute.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak Deskargan ezarritako bedesaria bertan behera utz dezala eskatzeko, manifestazioa egin dute gaur, otsailak 12, Urretxun eta Zumarragan. Bi herriotako kaleak zeharkatu dituzte, 11:00etan Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta.
Hiru garraiolarien sindikatuak eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak deitu dute protesta. Horien hitzetan, "beste behin, garraiolariak zigortu nahi dituzte". "Deskargan, A-636 errepidean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duen bidesariak garraiolariei eragingo die bereziki: bikoitza ordainduko dute, turismoekin alderatuta, eta ez dute ibilbide alternatibo bat erabiltzeko aukerarik izango, Deskarga mendateko errepide zaharretik zirkulatzea debekatuta baitute kamioiek", salatu du Hiruk.
Garraioalariak gizartearentzat "ezinbestekoak" izan arren, erakundeek ez dutela sektorea "babesten" adierazi dute protestaren deitzaileek. Gehitu dutenez, Deskargako bidesaria "beste karga bat" bat da eurentzat, "bezeroei tarifak igotzeko zailtasun handiak" dituztenean.
Halaber, errepideak "ondasun publikoak" direla eta "zergen bidez jasotakoarekin konpondu" beharko liratekeela azpimarratu dute garraioariek. "Ez da zilegi, erabiltzaile batzuei konponketa kargatzea", esan dute.
Beasain eta Bergara arteko arku bidezko bidesaria urtarrilaren 18an jarri zuen martxan Aldundiak. Ordutik, bertatik igarotzen diren ibilgailu guztiek, motoek izan ezik, ordaindu egin behar dute. Beasainen, Ezkion eta Deskargan daude arkuak jarrita.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, "ezinbestekoa" da errepide hori erabiltzen dutenei kobratzea, "eraikitze, mantentze eta kudeaketa lanak" ordaindu ahal izateko.
Milaka herritarrek erabiltzen dute A-636 errepidea egunero, eta garraiolarien artean ez ezik, gainerako erabiltzaileen artean ere haserre handia piztu du bidesariak.